EUSKO JAURLARITZA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Abeltzain eta nekazariei NPBren ordainketak aurreratuko dizkien banku-zerbitzu berri bat jarri dute martxan

Eusko Jaurlaritzaren ekimena da, Nafarroako Rural Kutxarekin elkarlanean. Nekazari eta abeltzainei 2025eko NPBren laguntzak aurreratzea ahalbidetuko die.
Nekazariek iazko martxoan Donostian egindako protesta. Argazkia: EFE
Nekazariek iazko martxoan Donostian egindako protesta. Argazkia: EFE

Euskal Autonomia Erkidegoko abeltzain eta nekazariei Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) ordainketak aurreratuko dizkien banku-zerbitzu berri bat aktibatzeko akordioa izenpetu dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Rural Kutxak.

Gobernu Bileraren ondorengo agerraldian, Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak eman du ekimenaren berri. Esan duenez, "akordio horrek likidezia handiagoa emango die nekazaritza-ustiategiei, NPBren laguntzak aldez aurretik eskuratzea erraztuz eta lehen sektoreko ekoizleentzako plangintza ekonomiko hobea bermatuz". Abeltzaintza eta nekazaritza ustiategien arduradunen "finantza-egonkortasuna indartu" nahi da.

Akordioaren arabera, 2025eko NPBren onuradunek Nafarroako Rural Kutxaren bidez ordainketa aurreratzea eskatzeko aukera izango dute. Eskaera erregistratzen den unetik, aipatatutako finantza-erakundeko edozein bulegotara jo eta dirua aurreratzeko zerbitzua aktibatu daiteke. 2023an jasotako ordainketaren zenbatekoaren baliokidea izango da aurreratuko den gehieneko kopurua, % 0ko interesarekin. Itzultze-epea 12 hilabetera artekoa izango da.

"Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak nekazaritza-sektorearekin hartuta duen konpromisoa berretsi du, gaur egungo ekonomia- eta ingurumen-erronketara egokitzea erraztuko duten tresnak sustatuz", nabarmendu du Barredok.  

Aurrerapenak eskatu ahal izateko bete beharreko baldintzen gaineko informazioa Nafarroako Rural Kutxaren bulegoetan eta Eusko Jaurlaritzaren web orrian  kontsultatu daiteke.

Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek lehen sektorea sustatzeko iaz aurkeztutako 10 puntuko dekalogoan zegoen jasota laguntzak aurreratzeko plana. 

2025eko kanpainarako NPBren laguntzak eskatzeko epea jada irekita dago.

Zure interesekoa izan daiteke

Tubos Reunidos
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Tubos Reunidosek enplegu-erregulazioko espediente bat proposatuko du Amurrio eta Trapagarango lantegietan

Tubos Reunidoseko zuzendaritza bi lantegietako enpresa-batzordeekin bildu da gaur goizean, lan-erregulazioko espedientea iragarri ondoren. Sindikatuetako iturrien arabera, bileran, zuzendaritzak planteatuko dituzten neurriak aurkeztu ditu. Kontsulta aldiak, paraleloak eta bi lantegietarako, otsailaren 9an hasiko dira, eta asmoa da negoziazioa bi enpresa batzordeekin negoziazio mahai bakar batean garatzea.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X