Mercadonak banaketaren sektorearen gailurrean jarraitu du 2025ean, % 30eko kuotarekin
Kontsumo handiko merkataritza elektronikoan (elikagaiak eta higienea) lehen postua Amazonek du, % 36,6ko kuotarekin. EAEko saltoki handien eta elikadura kate handien salmentak % 0,9 hazi ziren 2025ean, aurreko urtearekin alderatuta.
Mercadona supermerkatu bat. Europa Press-en artxiboko argazkia.
Estatuan erosketa-saskiaren gastua ia % 6 handitu zen 2025ean, eta Mercadona izan da, beste behin, supermerkatuen sailkapeneko buru, ia % 30eko merkatu-kuotarekin.
Iaz erosketa-saskian gastatutako hiru eurotik bat enpresa horrek irabazi zuen, NIQen (Nielsen) 'Espainiako Kontsumo Handiaren Merkatua' ikerketaren datuen arabera.
Bigarren postuan Carrefour dago, % 7,2ko kuotarekin, eta Lidlek hirugarrenean jarraitzen du, % 6,2rekin.
DIAk hazten jarraitzen du eta laugarren tokian dago, eta bosgarren tokian kokatu da Eroski, % 4,3ko kuotarekin.
Ondoren datoz Consum, Alcampo, Aldi eta El Corte Inglés.
NIQek tokian tokiko supermerkatuen gorakada nabarmendu du, merkatu kuotaren % 25 hartzen baitute horiek, kontsumo handiko produktuak (elikadura eta higienea) erosten gastatutako lau eurotik bat, beraz.
Era berean, nabarmentzen du hurbileko eta komenentziazko establezimenduetan erosteko joera handitzen ari dela, hipermerkatuen kaltetan.
Online salmentek gora egin dute
Txostenak e-commerceak gora egin duela erakutsi du; izan ere, denda fisikoek erosketarako gune nagusia izaten jarraitzen duten arren, online salmenten kopurua hirukoiztu egin da, zehazki % 17,7 hazi da, eta supermerkatu txikietakoa % 9,1, eta handietakoa % 7,6 hazi da. Erosteko modu horren gorakadari erreparatuta, maiztasuna ere aztertu beharra dago, % 8ko hazkundea izan du eta.
Kontsumo handiko (elikagaiak eta higienea) online merkataritzan lehen postua Amazonek du, % 36,6ko kuotarekin; ondoren Mercadona dator, ia % 10ekin, eta Glovo, Shein eta Temu erraldoien aurretik.
EAEko zifrak
EAEko saltoki handien eta elikadura kate handien salmentak % 0,9 hazi ziren 2025ean, aurreko urtearekin alderatuta (% 1,5 Bizkaian, % 0,3 Gipuzkoan, eta beste horrenbeste Araban), eta sektore horretan enplegua % 1,1 hazi zen.
Salmenten kopuruaren hazkundea % 0,7koa izan zen elikaduran, eta halako bi, % 1,4, gainerako produktuetan, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak asteazken honetan jakitera eman duenez.
Urteko azken hileko salmenten urtearteko bilakaera positiboa izan zen, bai elikagaietan (% 2,7), bai gainerako produktuetan ere (% 2,6).
Abenduan % 3,3 igo ziren Bizkaian urtearteko terminoetan, % 2,2 Gipuzkoan eta % 0,9 Araban.