Langabezia-tasa % 8,23ra igo da EAEn eta % 9,09ra Nafarroan, lehen hiruhilekoan
Iazko lehen hiruhilekotik aurtengo lehen hiruhilekora, 6.700 langabe gehiago zenbatu dituzte EAEn (% 8,08), eta 5.800 gehiago Nafarroan. Landunen kopuruak ere gora egin du Euskadin (7.700 gehiago) eta behera, berriz, Nafarroan (1.300 gutxiago). Bestalde, Espainiako Estatuan 231.500 langabe gehiago erregistratu dituzte 2026ko lehen hiruhilekoan, 2013tik izandako hiruhilekorik txarrenean.
Euskal Autonomia Erkidegoan 7.800 langabe gehiago zeuden urteko lehen hiruhilekoan, azken hiruhilekotik % 9,5 gora eginda, eta langabezia tasa % 8,23an kokatu da, Espainiako Estatistika Institutuak astearte honetan argitaratutako Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera. Gauzak horrela, azken bi hiruhilekoetan gora egin du langabeziak, eta, guztira, langabetuak 89.600 dira.
Iazko lehen hiruhilekotik aurtengo lehen hiruhilekora, 6.700 langabe gehiago (% 8,08) eta 7.700 landun gehiago (% 0,78) daude EAEn.
Landunen kopuruak % 0,96 egin du behera urteko lehen hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta 9.700 gutxiago. Guztira, 999.800 landun daude, eta 2008tik lehen hiruhileko batean izandako okupazio-tasarik handiena da.
Gipuzkoan dute langabezia-tasarik txikiena (% 7,39), Bizkaiaren (% 8,52) eta Arabaren (% 8,8) aurretik. Guztira, 15.000 langabe zenbatu dituzte Araban; 49.600, Bizkaian, eta 25.100, Gipuzkoan.
Bestalde, Nafarroak % 9,09ko langabezia-tasarekin itxi du lehen hiruhilekoa. Aurtengo lehen hiruhilekoan 31.000 langabe zenbatu dituzte Nafarroan, aurreko hiruhilekoan baino 2.900 gehiago (% 10,27), eta iazko hiruhileko berean baino 5.800 (% 23,5) gehiago.
Landun kopuruari dagokionez, 310.100 dira Nafarroan, aurreko hiruhilekoan baino 9.200 gutxiago (% 2,88) eta iazko lehen hiruhilekoan baino 1.300 gutxiago (% 0,41).
Bestalde, Espainiako Estatuan 231.500 langabe gehiago erregistratu dituzte 2026ko lehen hiruhilekoan, 2013tik izandako hiruhilekorik txarrenean. Guztira, 2,7 milioi pertsona daude lanik gabe.