Balioen Merkatuko Batzordeak zehapen-espediente "oso larria" ireki dio Iberdrolari, iazko itzalaldia dela eta
Konpainiak "baimenik gabe" ekoizpena eta hornidura murriztu zuen ikertuko dute, eta baita itzalaldiko egunean "prestasun-betebeharra urratu" ote zuen ere.
Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzordeak zehapen-espediente "oso larria" ireki dio Iberdrola Generacion Nuclear enpresari, iazko apirilaren 28an izandako itzalaldi elektrikoaren harira egindako ikerketaren barruan.
Estatuan dauden zazpi zentral nuklearretatik seitan du partaidetza Iberdrolak, eta Cofrenteseko (Valentzia) zentralaren jabe bakarra da.
Konpainiak Sektore Elektrikoaren Legearen 64.37 artikulua urratu duen zantzuak daudela dio espedienteak, "baimenik gabe ekoizpena edo hornidura murriztu" zuelakoan eta "prestasun-betebeharrak behin eta berriz bete ez” zituelakoan.
Dagoeneko 56 prozedura zabaldu ditu Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzordeak, itzalaldiarekin lotuta.
Nolanahi ere, erakunde horrek argi utzi du prozedurek ez dutela esan nahi ikertutako enpresek dutenik itzalaldiaren ardura, adituek ondorioztatu baitzuten "faktore ugari" egon zirela gertakariaren atzean.