Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Traumatologia Zerbitzuko langileek aparteko ordurik ez egitea erabaki dute
Arloko 73 profesionalek —mediku espezialistak, BAME ikasleak eta laguntza-unitateetako arduradunak— egin dute bat erabakiarekin, eta denek babesa adierazi diote dimititu berri duen Javier González Arteaga traumatologiako zerbitzuburuari.
Nafarroako Unibertsitate Ospitalea, artxiboko irudian. Argazkia: Europa Press
Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Kirurgia Ortopediko eta Traumatologiako Zerbitzuko profesionalek kontsulten eta ebakuntzen ezohiko jardueretan ez parte hartzea erabaki dute. Ez dute, beraz, aparteko ordurik egingo. Besteak beste, baliabide eza eta antolaketa okerra salatzen dituzte, eta diote zerbitzuaren egoera lehengoratu eta bideratzeko borondaterik ez dagoela. Itxaron-zerrenda luzeenak dituen unitatea da.
Arloko 73 profesionalek egin dut bat erabakiarekin; mediku espezialistak, BAME ikasleak eta laguntza-unitateetako arduradunak daude tartean. Oso haserre daude Fernando Dominguez Nafarroako Osasun kontseilariarekin, itxaron zerrendak murrizteko proposatutako neurriak ez dituelako medikuekin kontsultatu.
Salatu dutenez, zerbitzuaren kalitatea eta segurtasuna daude jokoan. Ez datoz bat lehen kontsultak lehenesteko neurriarekin, ebakuntza ondorengo jarraipen prozesuaren aurretik. Uste dute halako erabakiekin unitate osoari egiten diotela kalte.
Halaber, protesta abiatu duten profesionalek babesa adierazi diote Javier Gonzalez Arteaga dimisioa aurkeztu berri duen Traumatologia Zerbitzuaren buruari.
Traumatologiako profesionalek atzo iragarri zuten aparteko ordurik ez zutela egingo, eta, gaur, Digestio-aparatuko Zerbitzukoak batu dira protestara.