GATAZKA, OSASUN PUBLIKOAN

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Medikuen sindikatuek Espainiako Gobernuari akordioak lortzeko "gai" den solaskide bat izendatzea eskatu diote

Osasun Ministerioak goizean igorritako gutunari komunikatu gogor batekin erantzun diote sindikatuek. "Iritzi publikoa nahastea" leporatu diote Monica Garciak zuzentzen duen sailari.

medikuak greba huelga médicos txagorritxu
Txagorritxu Ospitaleko medikuak, protesta batean. Artxiboko irudia.

Korapiloa estutzen ari da osasungintza publikoko medikuen gatazkan, eta ez du epe motzean konpontzeko itxurarik. Greba batzordea osatzen duten sindikatuek —Euskadiko Medikuen Sindikatua, Medikuen Sindikatuen Espainiako Konfederazioa, Andaluziako Medikuen Sindikatua, Metges de Catalunya, Madrilgo Medikuen eta Goi Mailako Tituludunen Elkartea eta Galiziako Medikuen Sindikatu Independentea— uste dute egoera onbideratzeko ezinbestekoa dela negoziaziorako beste solaskide bat izendatzea Espainiako Gobernuak. 

Osasun Ministerioak goizean sindikatuei igorritako gutunari komunikatu zorrotz batekin erantzun dio greba batzordeak arratsaldean. Banan-banan gezurtatu dituzte gutunean Estatutu Markoari buruz jasotakoak. 

Lurraldearteko Osasun Kontseiluaren bilera hasi aurretik igorri dio Monica Garciak zuzentzen duen sailak idatzia sindikatuei. Asmoa zen gatazkaren puntu nagusiak erkidegoetako osasun arduradunekin aztertzea eta akordioa ixten ahalegintzea, baina ez da hala izan. 

Gutunean, Osasun Ministerioak berretsi egin du "elkarrizketa" dela gatazka bideratzeko "erreminta onena", eta "akordiorako bide posibleak zabalik" direnean, greba deialdiei eusteak ez duela aurrera egiten laguntzen erantsi du. 

"Ardura desbideratzeko saiakera"

Beste behin, ez dituzte begi onez hartu Ministerioaren hitzak sindikatuek, eta iritzi diote negoziazio mahaian eseri diren ordezkariek ez dutela akordiorako borondaterik agertu

"Gezurra da greba batzordeak hautsi duenik negoziazioa eta gezurra da akordiorako bide posibleak egonda grebari eutsi diogunik. Konponbidea bideragarria da soilik bi aldeek onartzen dutenean, eta ez alde bakar batek erabakitzen duenean", dio komunikatuak. 

Sindikatuen arabera, Estatutu Markoak ez ditu euren eskakizun gehienak jasotzen, eta hortik kanpo geratu diren aldarrikapenak erkidegoen eskumenak direla esatea faltsukeria da. Besteak beste, astean gehienez 35 orduko lanaldia ezartzeko eskaria aipatu dute. 

Halaber, medikuen iritziz, euren lanbidearen berezitasunak aintzat hartuko dituen estatutu propio bat ez sortzeko "arrazoi juridikoak" aipatzea aitzakia da. "Posizio politikoa" ikusten dute atzean. 

Negoziazio mahai propioa sortzea ere Ministerioaren esku dagoela esan dute sindikatuek. "Erkidegoen esku dagoela gezurra da". Nolanahi ere, hori esanda, gehitu dute "edozein kasutan, negoziazio mahaiak erkidegoen eskumena" izateak ez duela esan nahi Ministerioak ez dituela horiek "koordinatu" behar. 

Hori guztia dela eta, zabaldutako oharrak dio "ardura desbideratzen" saiatzen ari dela Garciaren lantaldea, ez omen direlako "gai izan" negoziazioa aurrera eramateko. Hala, akordioetarako "gai" diren solaskideak nahi dituzte sindikatuek. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X