Autonomia erkidegoek Osasun Ministerioari leporatu diote Estatutu Markoaren inguruko akordiorik ez lortzea
Espainiako Lurraldearteko Osasun Kontseiluaren amaieran Alberto Martinez Osasun sailburuak adierazi duenez, gatazkari konponbidea emateko "aukera galdu" da eta Monica Garcia Osasun ministroari leporatu dio mediku, sindikatu eta autonomia erkidegoei entzungor egitea.
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, gaur, Madrilen. Argazkia: Europa Press
Aurreikusi bezala, akordiorik gabe amaitu da Espainiako Lurraldearteko Osasun Kontseilua. Bileraren amaieran, autonomia erkidegoek Osasun Ministerioari leporatu diote Estatutu Markoari buruzko akordiorik lortu ez izana, eta Monica Garcia Osasun ministroari aurpegiratu diote mediku, sindikatu eta erkidegoetako gobernuei entzungor egitea.
Bileraren amaieran Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak hitz egin du erkidegoen izenean. Horren esanetan, gaurkoan "aukera galdu" da gatazkari amaiera emango dion akordioa lortzeko.
Martinezen esanetan, lurraldeetako Osasun arduradunak "batuta" joan dira gaurko bilerara, gaixoak eta profesionalak defendatu eta herritarrak pairatzen ari diren arazoei konponbidea emateko asmoz.
Horren iritziz, Osasun Ministerioak ez du jakin berak sortutako arazoa konpontzen.
Osasun Ministerioak ez dio Estatutu Markoari uko egingo
Kontrara, Osasun ministroak akordiorik lortu ez izanaren erantzukizuna erkidegoena dela esan du. Are gehiago, konponbidea lortzeko ez dutela ezer egin eta egiten utzi ere ez dutela egin nabarmendu du.
Garciak argi utzi du ez diola uko egingo osasungintza publikoko langileen Estatutu Markoari, politikara salto egin aurretik lankide zituenei "traizioa" egitea litzatekeelako.
Salatu duenez, gaur, erkidegoek aukera izan dute gatazka desblokeatzeko euren "alea jartzeko", baina ez dute horretarako keinurik egin.
Sindikatuen, erkidegoen eta medikuen kolektiboen kritikak kritika, Osasun Ministerioak Estatutu Markoaren erreformari eutsi egingo diola agindu du ministroak. "Osasungintza publikoko langileen baldintzak hobetzeko lanean jarraituko dugu", erantsi du.