Mihi-arrain haztegi batek 200 lanpostu eta 3.000 tona arrain ekarriko ditu urtean Lemoizko zentralean
Aquacria Basordas proiektuan hamar urtean 170 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten da, eta zentral nuklear zaharraren lurretan kokatuko da.
Pradales, Lemoizko aurkezpenean. Argazkia: EFE
Lemoizko (Bizkaia) Basordas kalak mihi-arraina hazteko akuikultura-proiektu bat hartuko du. Proiektuak 170 milioi euroko inbertsio publiko-pribatua ekarriko du hurrengo hamarkadan, 200 lanpostu sortuko ditu zuzenean, eta urtean 3.000 tona ekoitziko ditu, gutxi gorabehera.
Aquacria Basordas izeneko ekimena, Sea Eight enpresak Atitlan taldearekin batera sustatu du eta Lemoizko zentral nuklear zaharraren jarriko dute. Lursail hori Eusko Jaurlaritzarena da 2019tik, eta gunea akuikultura-planta integratu bihurtzeko helburua du.
Imanol Pradales lehendakariak aurkezpenean azpimarratu duenez, "arrain-haztegi bat baino askoz gehiago da", eta proiektuak nazioarteko erreferente izan nahi duela nabarmendu du. Zentzu horretan, talentua eta teknologia aurreratua barne hartzen dituela azpimarratu du eta ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik eredu iraunkorra planteatzen duela nabarmendu du.
Bestalde, Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak adierazi duenez, jarduera horri esker, erabiltzen ez den azpiegitura bat ekoizpen-instalazio jasangarri bihurtuko da, eta elikagaien, industriaren eta ekonomiaren eremuetan eragina izango du.
Enpresa bultzatzaileek ekonomia urdina deritzonaren barruan kokatu dute proiektua, eta gaineratu dute ekoizpen-sistema elikadura osasungarria eta orekatua bermatzeko diseinatu dutela, itsas ekosistemetan eraginik sortu gabe.