Karrantza eta Aranguren arteko C5 linea berria maiatzaren 6an jarriko dute abian
Lanegunetan, bost tren zerbitzu berri egongo dira norabide bakoitzean, eta asteburuan, bakarra. Guztira, 101 joan-etorri —orain arte baino % 85 gehiago— izango dituzte astean inguru horietako bizilagunek.
Aurkezpena, Bilboko Concordia geltokian. Argazkia: Europa Press
Enkarterrin (Bizkaia), Karrantza eta Aranguren (Zalla) geltokien arteko aldirietako C5 linea berria maiatzaren 6an jarriko dute martxan. Lanegunetan, bosna tren zerbitzu berri egongo dira norabide bakoitzean, eta asteburuan, bakarra.
Beraz, inguru horretako bizilagunek 101 joan-etorri izango dituzte astean, orain arte baino % 85 gehiago.
Mugikortasun Iraunkorreko sailburu Susana Garcia Chuecak eta Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Estatu idazkari Jose Antonio Santanok aurkeztu dute Karrantza eta Aranguren (Zalla) arteko aldiriko trenen zerbitzu berria, eta aurkezpenean azaldu dute Eusko Jaurlaritzak urteko 900.000 euro arteko inbertsioa egingo duela horretan.
Linea berri horrez gain, Eusko Jaurlaritzak kudeatzen dituen Renferen aldirietako trenen zerbitzua egongo da, orain arte bezala: C1 (Bilbo-Santurtzi), C2 (Bilbo-Muskiz), C3 (Bilbo-Urduña) eta C4 (Bilbo-Balmaseda).
Zerbitzu berriak ondorengo geltokiak izango ditu: Karrantza, Villaverde Turtzioz, Artzentales, Traslaviña, Mimetiz (Zalla) eta Aranguren (Zalla).
Arangurengo geltokian, bidaiariek trenez aldatu beharko dute, eta Balmaseda eta Bilbo lotzen dituen C4 lineako trenekin egin ahal izango dute aldaketa —C4 lineak, hilean, batez beste 94.000 bidaiari ditu—.