LAN-GATAZKA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Greba mugagabea deituko du ELAk Avanzan, aurreakordioa bete ez delakoan

Grebak hainbat zerbitzuri eragingo die: Donostia Bilborekin eta Gasteizekin lotzen dituztenei; Loiuko aireportua eta Donostia, Gasteiz eta Arrasate artekoei eta Debagoieneko linea guztiei. 

LURRALDEBUS
Artxiboko irudia.

Avanza Movilidad Gipuzkoa enpresan greba mugagabea deituko duela iragarri du ELA sindikatuak, joan den urrian izenpetutako aurreakordioa bete ez delakoan. Gipuzkoa Bilborekin, Gasteizekin eta Loiuko aireportuarekin lotzen dituzten Lurraldebusen zerbitzuak kudeatzen ditu Avanzak, eta baita Debagoieneko garraio zerbitzua ere. 

Ohar batean, ELAk esan du  ezin dela gatazka amaitutzat jo, hitzartutakoa jasoko duen "hitzarmenik ez" dagoen bitartean. "Avanza Movilidad Gipuzkoako egoerak konpondu gabe jarraitzen du: gatazkak zabalik jarraitzen du eta hitzarmenik gabe", salatu dute idatzian. 

Zentralaren arabera, ELAk eta UGTk enpresarekin izenpetutako aurreakordioa "gatazkaren amaiera gisa" aurkeztu zitzaion gizarteari, "langileen baldintzak hobetu" zirela azalduz. "Are gehiago, Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasuneko diputatuak adierazi zuen Avanzan zegoen gatazka amaitu egin zela”, erantsi dute.

Halaber, sindikatuak adierazi du, joan den apirilaren 15ean Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzarekin egindako bileran, argi geratu zela enpresak ez duela "aurreakordioa hitzartutako baldintzetan onartzeok asmorik" eta "bitartekaritza prozesuan adostutakoari alde bakarrez aldaketak" sartu nahi dizkiola. "Gertakari hori negoziazio kolektiboan lortutako adostasunen urraketa larria da, bitartekaritzan sinatutako akordioa ez delako errespetatzen".

Grebak hainbat zerbitzuri eragingo die: Donostia Bilborekin eta Gasteizekin lotzen dituztenei; Loiuko aireportua eta Donostia, Gasteiz eta Arrasate artekoei eta Debagoieneko linea guztiei.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X