1976ko martxoaren 3: Hogeita hamalau urte eta erantzulerik ez
Gaur 34 urte bost langile hil zituzten Gasteizko San Frantzisko Asiskoaren elizan, Zaramaga auzoan.
Aurreikusita zegoen soldaten murrizketaren aurkako hirugarren greba eguna zuten eta, hortaz, batzarra egiteko hamarka mila langile bildu ziren eliza horren barruan eta inguruan.
Poliziak, pistolak eta metrailetak eskuan, eliza indarrez hustu zuen. Ondorioz, bost langile hil ziren eta ehunka zauritu tiroz. Hiru hamarkada baino gehiago igaro dira harrezkero, baina oraindik ez dute inor zigortu, ez auzipetu.
Hogeita zazpi urteko Pedro Maria Martinez Ocio eta 17 urteko Francisco Aznar han bertan hil ziren. Gero, zauri larrien ondorioz, Romualdo Barrosok, Bienvenido Pereak eta Jose Garcia Castillok ere galdu zuten bizia.
Lau hilabete baino ez ziren Franco hil zela, eta Espainiako Gobernuan diktadura garaiko presidente bera zegoen: Carlos Arias Navarro. Manuel Fraga Iribarne Gobernazioko ministroa zen (gaur egun Barne ministro du izen karguak).
Carlos Carnicero historialariak duela urte batzuk aurkitutako txosten baten arabera, garai hartan Poliziak gertutik jarraitu zituen grebaren nondik norakoak, protestak Euskadi eta Estatu osora zabalduko ziren eta ondorioz Arias Navarroren Gobernua eroraraziko zuten beldur baitzen. Poliziaren oldarraldi odoltsu hori beldur horien erakusle izan zen.
Zure interesekoa izan daiteke