Urdangarinen abokatuak akordio bat eskaini izana ukatu du
Iñaki Urdangarinen abokatuak, Mario Pacual Vivesek, Pedro Horrach Palmako fiskalarekin akordio bat negoziatu izana ukatu du. Ustezko akordio horren arabera, Urdangarinek zenbait delitu onartu eta administrazio batzuekin egindako negozioen bitartez lorturiko diru publikoa bueltatu ostean, espetxeratzea saihestea lortuko luke.
“Ez dut Fiskaltzarekin inolako kontakturik izan akordioen inguruan aritzeko”, adierazi die gaur hainbat kazetariri Bartzelonan duen bulegoan.
Diego Torresen, Noos institutuko Urdangarinen bazkide ohiaren, defentsarekin ituna egin izana ere ukatu du abokatuak.
Espainiako erregearen suhiak Suitzan banku-kontu izan izana eta horren bidez kobrantza batzuk egin izana ere gezurtatu du Pascual Vivesek: “Ez zuzenean ezta zeharka, ez du inoiz konturik izan inongo zerga-paradisutan, eta gaur ere ez du halakorik”.