Maula
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gas ikuskapen faltsuen iruzurraz ohartarazi du Ertzaintzak

Otsailetik maiatzera, Bizkaian 14 salaketa ikertu dituzte, Araban bi, eta Gipuzkoan beste horrenbeste.

Ertzaintzak gas ikuskatzaile faltsuen iruzurrak eta gas enpresetako langile izatearen plantak eginez etxeetako ondasunak, bertan bizi direnak konturatu gabe, eramaten dituzten gaizkileen ebasketak ugaritu egin direla ohartarazi du. Otsailetik maiatzera, Bizkaian 14 salaketa ikertu dituzte, Araban bi, eta Gipuzkoan beste horrenbeste, baina Ertzaintzari telefonoz ohartarazi eta delituak burutzera iritsi ez diren kasuen kopurua handiagoa omen da. Dei horietan, argindar instalazioen eta ur horniduraren ikuskatzaile faltsuen kasuak ere aipatu dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, azken hilabeteetan, etxeetara joan, eta argudio faltsuak, jantzi "ofizialak" eta kasu askotan beldurrarazteko informazioa erabiliz, jabea beharrezkoa ez den berrikuspen bat ordaintzera edo ondo dabiltzan piezak konpontzera edo ordezkatzera bultzatzen dituzten gas arloko langile faltsuen kopurua handitu egin da. Gainera, oso ordain altuak eskatzen dituzte.

Barakaldoko (Bizkaia) herritar batek salatu zuenez, apirilean, butano instalazioa ikuskatzeagatik 350 euro kobratu zizkioten; herri bereko beste bizilagun bati, berriz, bi gizonek 400 euro eskatu zizkioten gasaren ikuskapenagatik.

Bilboko itsasadarreko Ezkerraldeko beste herri batzuetan -Santurtzin eta Portugaleten, adibidez- antzeko kasuak gertatu dira, baita Bilbon ere. Bizkaiko hiriburuan, Deustu auzoan, langile faltsu batek bitxi sorta bat lapurtu zuen, otsailean; Bilboko beste etxe batean, ostera, eraikinaren aurrealdeko zarata batzuk aztertzeko aitzakiarekin sartu zen lapur batek diru zorro batetik 450 euro lapurtu zituen.

Apirilaren bukaeran, antzeko beste lapurreta bat egin zuten Bizkaiko beste herri batean, Markinan. Bi gizon etxe batera sartu ziren, ur filtrazioak konpontzera zihoazen iturginak ziren plantak eginez, eta bitxiak lapurtzea lortu zuten. Markinan, halaber, gas ikuskatzaile faltsu batek 500 euro fakturatu zituen, eta gainera, beste 3.000 ebatsi zituen.

Araban, Ertzaintzak bi salaketa eta antzeko abisu batzuk jaso ditu, udalerri txikietan batez ere. Zalduondon, otsailean, ikuskatzaileak adineko senar-emazte batzuei 240 euro kobratzen saiatu ziren, bai eta etxean lapurreta egiten ere. Gaubean, biktima batek 220 euroko faktura egin ziotela salatu zuen martxoan.

Gipuzkoan, maiatzaren erdialdean, Donostian eta Hondarribian jasotako bi salaketak baimenik gabeko ikuskatzaileen bi iruzur saiorekin lotuta daude. Iruzurgileek ez zuten helburua lortu, eta ondoren, Ertzaintzak identifikatu eta inputatu egin zituen.

Aholkuak

Ertzaintzak hiri eremuetan eta landa eremuetan atzeman dituen mota honetako irregulartasunen eta delituzko ekintzen aurrean adi egotea gomendatu du. Horrela, gogorarazi du gasa hornitzen duten enpresetako zerbitzu tekniko baimenduek bakarrik ikuskatu ditzaketela instalazioak (nahitaezkoa da lau urtean behin egitea) eta data ikuskapenaren eguna baino lehen jakinarazi behar dutela.

Langileek dagokien akreditazioa eraman behar dute, eta, zalantzarik izanez gero, enpresek beraiek beren bulegoetara telefonoz deitzea gomendatzen da, ikuskaritza egitera joan direla baieztatzeko.

Galdara edo berogailuen kasuan (bi urtean behin nahitaez ikuskatu behar dira), erabiltzaileek beraiek kontratatu behar dituzte ikuskapenak, nahi duten enpresarekin, eta haiekin adostu zein egunetan egingo duten.

Ez zaie utzi behar etxera sartzen ezustean agertzen diren ustezko langileei, enpresako jantziak edo egiazkoa den argitu ezingo den ziurtagiri bat eraman arren. Iruzur bidez, eskatu ez den ikuskapen bat edo beharrezkoa ez den konponketa bat egiten saia daitezke edo bisita objektuak edo dirua lapurtzeko balia dezakete. Normalean, bikoteka lan egiten dute: batek jabearen arreta desbideratzen duen bitartean, besteak lapurreta egiten du.

Azkenik, Ertzaintzak batez ere adinekoak ohartarazi ditu, beraiek izaten baitira mota honetako iruzurrak egiteko lapurrek lehenesten dituzten biktimak.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X