Kalte larriak Gasteizko egurren enpresa batek su hartu ostean
Jundizeko (Gasteizen) industriagunean sute handi bat izan da goizaldean pelletak egiten dituen enpresa batean. Ez da zauriturik izan, Arabako hiriburuko Udalak jakinarazi duenez.
Sutea ezustean hasi da, egur hautsa jasotzen den gune batean, 04:45 inguruan; eta 09:00etan itzali dute Gasteizko suhiltzaileek. Hamar agente, suhiltzaileen ibilgailu bat eta zisterna bat ere bertan izan dira sua itzaltzeko.
Suteak ez du pabiloiaren estrukturan kalterik sortu, baina sorlekutik hurbilen zeuden makinek kalteak izan dituzte.
Pellet Vitoria enpresak egurra, txirlorak eta zerrautsa egiten ditu berogailuetan erabiltzeko: erre den materialak sute handia sortu du.
Sutea berriz ez sortzeko hainbat suhiltzaile daude oraindik Jundizeko enpresan.
Udalak jakinarazi duenez, ez da zauriturik egon, sutea sortu den unean ez zelako inor lanean ari, eta suteak ez du beste pabiloietan eraginik izan.
Udaltzainak inguruetako trafikoa kontrolatzen izan dira goizean; batez ere, pabiloietako langileak lanera sartzen hasi direnean. Errei bat itxita egon da, baina ez da arazorik izan.