Genero indarkeria
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Jendetza bildu da Donostian emakume baten aurkako erasoa salatzeko

Erasoa salatzeko, elkarretaratzea egin dute arratsaldean, Bulebarrean. 'Denok goza dezagun. Eraso sexistei erantzun!' lelopean, ehunka lagun bildu dira. Donostiako Udalak bat egin du deialdiarekin.
Sexu-erasoa salatzeko, Donostian egin den elkarretaratzea. Argazkia: EITB
Sexu-erasoa salatzeko, Donostian egin den elkarretaratzea. Argazkia: EITB

Emakume batek gaur, igandea, goizaldean sexu-erasoa jasan duela salatu du, Donostian, Segurtasun Sailak zabaldu duenez. Gertakari hori salatzeko, elkarretaratzea egin dute igande arratsaldez Donostian, Boulebard inguruan.

Biktima etxeko atarian zegoela, Donostiako Amara Berri auzoan, gizonezko bat hurbildu zaio, ahoa estali dio eta ukituak egiten hasi zaio.

Emakumeak askatzea lortu du eta oihu egiten hasi da; orduan, gizonak ihes egin du, eta, orain, Ertzaintza erasotzailea identifikatzeko lanean ari da.

Gertaeraren ondoren, emakumeak salaketa jarri du Ertzaintzaren polizia-etxean, 07:30etan.

Elkarretaratzea

Kontzentrazioan Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Naiara Sampedro Berdintasun zinegotzia izan dira, beste buruzagi batzuen artean.

Manifestazioa deitu duten elkarteen izenean, ordezkari batek persona orok jaiez gozatzeko daukan eskubidea aldarrikatu du, "kalea eta gaua denonak direlako". Aldi berean, erasotzaileen aurka autodefentsa feminista erabiltzailearen alde agertu dira.

Protesta bukaeran, Donostiako alkateak adierazi du horrelako erasoek ez dutela lekurik "ez jai hauetan ez eta beste inon. Ez Donostian ez eta munduko edozein tokitan". Izagirrek nabarmendu du mota horretako gertakarien aurrean "oinarrizkoa" dela gizartearen erantzuna, "ingurua aktibatzeko eta ematen ari den gizarte erantzuna emateko".

Udalak, Ertzaintzak gertatutakoaren berri eman ostean, bat egin du mugimendu feministak eta Piraten mugimenduak gaur arratsalderako deitu duten elkarretaratzearekin. Aste Nagusirako sexu-erasoen aurkako protokoloa adostu dute bi mugimendu hauek.

Elkarretaratzea arratsaldeko 18:30etan izan da Donostiako Bulebarrean. 'Denok goza dezagun. Eraso sexistei erantzun!' lelopean, ehunka lagun bildu dira.

Erasoak salatzera

Donostiako Udalak dei egin du "horrelako erasoak salatzera, eta herritar guztiei dei egiten die, jarrera edo eraso sexista guztien aurrean, erantzun aktiboa izatera".

Naiara Sampedro Berdintasun zinegotziaren hitzetan, garrantzitsua da emakumeak erasotzaileari aurre egin izana eta erasoa salatu izana: "Orain arte hilketak eta bortxaketak gertatzerakoan erakusten zuen jendarteak gaitzespena, baina aurrerapauso bat ematen ari gara sexu-eraso saiakera bat ere gaitzesten ari garenean".

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Akusatutako irakaslearen ikasle ohia: "Guk ere lekuz kanpo zeuden iruzkinak entzun behar izan genituen 11-12 urte genituenean"

Oiartzungo Elizalde ikastetxean irakasle akusatuaren ikasle izan ziren hainbat emakume Gipuzkoako Probintzia Epaitegira hurbildu dira gaur biktimei babesa ematera. Horietako batek azaldu duenez, 11-12 urte zituztenean "iruzkin lizunak" egiten zizkien gizonak, eta epaiketan entzundakoaren aurka, ziurtartatu duenez, gizona bera zen gerturatzen zitzaiena eta "lekuz kanpoko iruzkinak" egiten zizkiena. Ikasgelan bideo pornoak jartzen zizkiela eta hitz-joko lizunak egiten zituela esan dute, eta "nazkagarria" eta "lotsagabea" zela.  

Gehiago ikusi
Publizitatea
X