'Maitasun erromantikoaren mitoa berrikusi egin behar da'
Pepa Bojo psikologoa aditua da emakumeen aurkako indarkeria kasuetan. Izan ere, biktimak izan diren emakume taldeekin lan egiteaz gain, Gipuzkoako Aldundiarekin duten hitzarmen bati esker, tratu txarrak pairatu dituzten emakumeen banakako arretan ere lan egiten du.
Zeintzuk dira bikotekidearen indarkeria jasan duten emakumeen artean ohiko sintomak edo egoera psikologikoa?
Ondorio psikologikoak oso gogorrak dira. Sintoma nagusien artean, antsietate handia, izu krisiak, beldur handia, gaitasun galera, blokeoa, babesik eza, depresioa eta abar daude. Estres postraumatikoaren shockak eragindako sintomak dira gehienak. Gero, psikologikoak fisikoan ere izan ditzake ondorioak.
Ze eragin du egoera psikologiko horrek emakumearen egunerokoan?
Autoestimu galera handia duenez, eta duen gaitasuna hutsala dela uste duenez, gizonak esandako guztiari men egiten dio tratu txarren prozesuaren amaieran. Emakumeak ikusten duenean egiten duenarekin ez duela egoera konpontzen, autoestimua galtzen du, eta isilik egoten eta aguantatzen ikasten du, horrela arazoak hobera egingo duelakoan. Pasibotasuna da haien erantzuna, eta blokeo horrek ez die irtenbideak ikusten uzten, eta asko kaltetzen du erabakiak hartzeko gaitasuna.
Tratu txarra psikologikoa izan daiteke, psikologikoa eta fisikoa… Ondorioak desberdinak al dira?
Ondorioak antzekoak dira: beldurra, erruduntasuna, depresioa, antsietatea… Sexu-erasoa gertatzen denean, litekeena da sexuarekin zerikusia duten sintomak agertzea: harreman sexualak izateko beldurra edo norbere gorputzarekin haserretzea, besteak beste. Gainera, eraso fisikoak oso bortitzak izan badira, izua nabarmen areagotzen da, eta kalera irteteko beldurra ere izaten dute.
Batzuetan, harrigarria da indarkeria ze punturaino iristen den salaketa jarri aurretik. Zergatik iristen dira muturreko egoeretara?
Indarkeriak gora egiten du, eta hasierako zantzuak oharkabean igarotzen dira. Identifikatzen ez ditugun jokabideak dira: kontrola, jeloskorkeria… Gainera, badaude jokabide batzuk maitasunarekin nahasten ditugunak. Horregatik, maitasunaz ikasi dugun guztia berrikusi beharra dago. Emakumeak hasieran ez dio garrantzia ematen, iragankorra dela uste du. 'Ni erratu naiz' sentimendua ere sortzen zaio emakumeari. Izan ere, patriarkatuak emakumeari leporatzen dio familiako edo bikoteko arazoen ardura, eta emakumea egoeraren arduradun sentitzen hasten da. Irtenbidea duen zerbait dela uste du.
Kontuan izan behar dugu banaketak oso zailak direla. Nahiago dugu pentsatu arazoak irtenbidea duela eta iragankorra dela. Gainera, prozesu ziklikoak dira, indarkeria ez baita intentsitate berekoa denbora guztian. Zikloak dira okerrena, nahasmendua sortzen dutelako. Zikloko epe batean erasotzaileak barkamena eska dezake, eta horrek egoera luzatzen du, proiektu afektiboari eusten jarraitzen duelako emakumeak.
Salatzeko unea iristen denean, ba al dago askapen sentimendurik?
Normalean indarkeriak gora egin duenean, lehenengo aldiz eraso fisiko bat gertatzen denean, edo indarkeriak seme-alabei eragiten dienean salatzen da egoera. Pausoa ematea ez da batere erraza, eta beldur handiarekin ematen dute. Inola ere ez dago askapen sentimendurik. Beldurra ematen die zer gertatuko den ez jakiteak. Oso garai txarrak dira, eta behar beharrezkoa da biktimak babestuta egotea.
Orduan, nola laguntzen zaio biktimari?
Sistema publikoan laguntza asko daude, baina falta dira batzuk. Salaketa jartzeaz gain, biktimak zerbitzu sozialetara jo behar du dena azal diezaioten (prozesu osoa, dituen eskubideak…). Gipuzkoan, adibidez, ituna dugu psikologoen elkargoak eta Aldundiak biktimei, eta horien seme-alabei, banakako arreta emateko.
Gertukoen kasuan: nola lagun dezake senide edo lagun batek?
Oso zaila da. Biktimari asko kostatzen zaio tratu txarrak pairatzen dituela onartzea, eta laguntzen dionak egin behar duena hau da: entzun. Zeren tratu txarren biktima dela esatea gogorregia izan daiteke, eta harremana eten dezake. Garrantzitsuena epaitu gabe entzutea da, eta pixkanaka zerbitzu sozialetara bideratzea, bertan lagun diezaioten.
Ba al dago estereotiporik erasotzaileak edo biktimak azkarrago antzeman ahal izateko?
Ez dago estereotiporik kasu hauetan. Badaude ezaugarri komunak, erasotzaileek balore eta uste matxistak dituztelako, eta botere harremana behar dutelako bikotekidearekin. Baina erasotzaileak heziketa, ekonomia eta gizarte maila desberdinekoak izan daitezke, biktimen kasuan bezalaxe, eta horregatik ezin da estereotiporik ezarri.
Biktimei dagokienez, badaude emakumeak beren buruan segurtasun handia dutenak, autonomoak eta izaera gogorrekoak, baina gero, etxean, harreman afektiboan, berdinak ez direnak. Publikoa eta pribatua desberdinak baitira.
Arazoa errotik konpontzeko, askotan azpimarratzen da gazteenekin egin beharreko heziketa lana.
Irakurri berri dudan ikerketa baten arabera, % 5 hazi dira indarkeria matxista kasuak gazteen artean. Teknologia berriek indarkeria mota berriak ekarri dizkigute: kontrola eta ziber-jazarpena, besteak beste. Bikotekidea kontrolatu beharra da indarkeria matxista atzemateko zantzu nabarmenetako bat.
Horren harira, berrikusi egin behar da maitasun erromantikoaren mitoa; bai hezkuntzan, bai emakume taldeetan, etab. Lanean ari gara maitasunaren inguruko kontzeptuak berrikusteko. Orain maitemintzen diren gazteek zaharkituta dauden maitasunaren inguruko usteek eragiten dituzten jokabideak dituzte, duela mendeetako maitasunean sinesten dutelako. Horixe da jeloskorkeriaren kasua, maitasunarekin nahasten baita. Horregatik diot erromantizismo zaharkitua, patriarkala eta kaltegarria dela.
Horregatik guztiagatik, prebentzio egitasmoetan lan egin behar da, elkargoak kaleratu duen adierazpenean diogun moduan.
Zure interesekoa izan daiteke
Baionan desagertutako 50 urte inguruko gizon baten bila ari dira
Larunbatean ikusi zuten azkenengoz, Lapurdiko hiriburuan, goizaldeko ordu bata pasata.
Espainiako Poliziaren buru ohiaren sexu erasoak berretsi ditu epailearen aurrean salaketa jarri zuen inspektoreak
Epaileak atzera bota du poliziako buru ohia emakumearekin ez komunikatzeko salatzaileak egindako eskaria, "arriskurik ez" dagoela iritzita.
Espainiako Estatuko herritarren % 79k uste dute "posible" dela etorkizunean gerra batean arma nuklearrak erabiltzea
CISen inkesta baten arabera, herritarrei gehien kezkatzen dien beste beldur batzuk dira gertuko senide bat galtzea, osasuna galtzea, itsu geratzea edo minbizia hartzea.
Gorpu bat aurkitu dute itsasoan, Ondarroa eta Lekeitio artean
Gorpua ezin izan dute identifikatu, baina baliteke asteartean Mendexan desagertutako 82 urteko arrantzalea izatea.
Tasa turistikoa 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera ezarriko da Euskadin
Gipuzkoako Foru Aldundiak turismoari lotutako zerga berria arautzen duen Foru Arauaren proiektua onartu du. Zergaren oinarria gau kopuruaren arabera kalkulatuko da.
76 urteko gizon bat eta 38 urteko emakume bat atxilotu dituzte, Bilbon, emakume bati sexu-erasoa egiteagatik
Biktima atxilotuekin batera Santutxuko Karmelo kaleko etxebizitza batera igo omen zen.
Dozenaka lagunek justizia eskatu dute Parisen hildako gazte tolosarrarentzat
"Justizia Dalianentzat" lelopean, Parisen hil zuten Tolosako bizilagunaren senide eta lagunek elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean. Martxoaren hasieran aurkitu zuten haren gorpua, Frantziako hiriburuko etxebizitza batean.
Bi gizon inputatu dituzte Artxandako hilketagatik, eta beste hiru krimen hura ezkutatzeagatik
2023ko abuztuan, gizonezko baten gorpua aurkitu zuten, zatituta eta erreta, maleta baten barruan, Artxandan dagoen abandonatutako eraikin batean.
Goiz korapilatsua Txorierriko errepideetan, Asua parean bederatzi autoren artean izandako talka baten ondorioz
Istripuaren ondorioz, bideko lau erreietatik hiru itxi behar izan dituzte puntako orduan, eta auto-ilara luzeak sortu dira inguruan: Artatzan, Arrontegin, Barakaldon eta Gurutzetan. Behin ibilgailuak bidetik kenduta, egoera bere onera itzultzen joan da. Arazoak izan dira, halaber, A8an, Kantabriarako noranzkoan, San Mames parean istripu bat izan baita. Gipuzkoarako noranzkoan, gainera, trafikoa astuna izan da.
Osakidetzako proba diagnostikoen irudiak ikusgai, Osasun Karpetaren bidez
Iaz, 592.888 herritarrek erabili zuten Osasun Karpeta eta 8,2 milioi sarbide izan zituen. Interesa dutenek irudietara sartzeko eskaera online egiteko aukera izango dute.