Lubitz bajan zegoen, baina enpresari ezkutatu egin zion
Düsseldorfeko Fiskaltzak gaur jakinarazi duenez, Andreas Lubitz pilotua bajan zegoen, baina informazio hori ezkutatu egin zion Germanwings enpresari, baita tratamenduan zegoela ere. Poliziak apurtutako baja-agiriak aurkitu ditu kopilotuaren etxean. Germanwings enpresak ohar bidez baieztatu du ez zuela Lubitzen baja-agiririk jaso.
Dena den, Fiskaltzaren iturriek ukatu egin dute Lubitzen etxean hark idatzitako agurreko eskutitzik aurkitu dutenik.
Halaber, iturri horiek zehaztu dute egunak beharko dituztela pilotuaren etxean aurkitutako dokumentuak aztertzeko.
Alemaniako Polizia Andreas Lubitz 27 urteko pilotuaren ibilbidea eta bizitza ikertzen ari da orain, Airbus320 hegazkina Alpeetan amiltzera zerk bultzatu zuen argitzeko. Eraso terroristaren aukera erabat baztertu dute.
Düsseldorfeko Fiskaltzak ikerketa bat zabaldu du hilketagatik eta orain ezbeharra eragiteko pilotuak izan zitzakeen arrazoiak argitzean jarriko dute arreta.
Lubitzek bere formazioan etena egin zuen
Orain arte, jakina zen Andreas Lubitzek bere formazioa hilabete batzuez eten zuela 2009an. Dena den, atzo Carsten Spohr Lufthansako presidenteak ez zuen etenaldi horren arrazoien buruzko azalpenik eman.
Alemaniako zenbait egunkarik argitaratutakoaren arabera, pilotu ikasketetan goi-mailako ikaslea izandakoak bere formazioa sei hilabetez eten egin behar izan zuen 2009an.
Gaur ikerketako hainbat xehetasunen berri eman dute hainbat egunkarik, besteak beste, Lufthansa konpainiak kopilotuaren jarduna eten zuela hainbat hilabetez, "krisi existentzial" batek eragindako "depresio larri" bat tarteko.
The Times egunkari britainiarraren arabera, enpresak berak erabaki zuen Lubitzen formazio etetea, kopilotuak "depresioa" zeukala jakin ondoren.
Halaber, aipaturiko egunkariak berri eman duenez, Lufthansako pilotu eskolan egiten ari zen formazioa etetera behartua izan zen hainbat hilabetez, harik eta hilabete batzuk geroago entrenatzeko baimena eta pilotu gisa ebaluatzeko baimena jaso zuen arte.
Bestalde, Bild egunkari alemaniarrak bildutako informazioaren arabera, 2009an tratamendu psikiatrikoa jaso zuen 18 hilabetez, "depresio pasarte larria" tarteko.

Polizia, Andreas Lubitzen etxean. EFE
Segurtasun protokolo berriak
Hegazkin istripuaren ondoren, Lufthansa Taldeak segurtasun prozedura berria iragarri du eta aurrerantzean haren taldeko hegazki konpainietako -Lufthansa, Germanwings, Swiss, Brussels Airlines eta Austrian Airlines- hegaldi guztietan tripulazioko bi kide egongo dira, uneoro, kabina barruan. Prozedimendu berria berehala sartuko da indarrean Swiss konpainiaren hegaldietan eta gainerakoetan, berriz, ahalik eta azkarren ezartzen ahaleginduko dira.
Aurrerantzean, bi pilotuetako bat kabinatik irteten bada, tripulazioko beste kide bat sartuko da barrura pilotuetako bat kanpoan dagoen bitartean.
Halaber, Lufthansa Taldeak bere segurtasun egiturak zabalduko ditu eta segurtasun pilotuaren figura sortu du. Werner Maas komandanteak hartuko du postu berriko ardura.
Bestalde, beste hainbat hegazki konpainiek ere aldaketak iragarri dituzte kabinako segurtasun protokoloan . Hemendik aurrera, gutxienez bi lagunek joan beharko dute uneoro kabinan. Besteak beste, ondorengo konpainiek iragarri dute neurri berria: Easyjet, Alitalia, IcelandAir, Norwegian Airlines, WizzAir eta Air Canada.
Irailaren 11ko atentatuek aldaketak ekarri zituzten hegazkinen segurtasunean eta kabinaren barruko aldetik atea ixteko sistema ezartzea erabaki zen. Sistema horri esker, pilotuak atea barrutik ixteko eta blokeatzeko aukera du. Kanpoan dagoenak ezin du modu horretan kabinaren barrura sartu.
Andreas Lubitzek sistema hori erabili zuen kabina ixteko eta pilotuari kabinara sartzea oztopatzeko.
Amerikako Estatu Batuetako eta Europako legeak ez datoz bat kabinan erabili beharreko protokoloaren inguruan. AEBn derrigorrezkoa da kabinan gutxienez bi lagun egotea. Europan, berriz, legeak ez du horretara behartzen. Frantziako Alpeetan izandako istripuak inflexio puntu bat sortuko du puntu horretan.
Segurtasun neurri berriak ezartzeko gomendioa eman du gaur Europako Aire Segurtasuneko Agentziak (EASA). Horrela, hegazkinen kabinetan beti ?gutxienez bi pertsona izatea? gomendatu die aireko agintari nazionalei eta airelineei.
Pilotu frantziarrek salaketa bat jarriko dute hedabideetara egindako filtrazioengatik
Lineako Pilotuen Frantziako Sindikatu Nazionalak gaur iragarri duenez, epaitegietan salaketa bat aurkeztuko du ikerketari buruzko xehetasunak hedabideetara filtratu zirelako.
Hegazkinaren kutxa beltz baten edukiari buruzko xehetasunak hedabideetara filtratu dira. Are gehiago, atzo Marsellako Fiskaltzak lehendabiziko ondorioen berri eman aurretik, Le Monde edota The New York Times egunkariek horren berri eman zuten.
Sindikatuaren esanetan, ikerketako arauak hautsi dira eta horregatik jarriko du salaketa.
Ezbeharraren zergatiek ez dute eraginik izango kalte-ordainetan
Alpeetako hegazkin ezbeharraren zergatiak ez du eraginik izango biktimen senideek jaso beharreko kalte-ordainen zenbatekoan.
Europako legediaren arabera, gutxienez, 316.882 euro jasoko dituzte biktima bakoitzaren senideek.
Allianz Global Corporate & Specialty aseguru konpainiak atzo iragarri zuen bere gain hartuko zituela kalte-ordainak. "Gure bezeroak guztiz eta ahalik eta azkarren babesteko prest gaude. Horretarako, gainerako aseguruetako kideekin elkarlanean lan egingo dugu", adierazi zuen aseguru etxeak ohar batean. Hala ere, ez zuen kalte-ordainen gutxi gorabeherako zenbatekoen gaineko xehetasunik eman.
Biktima baten gurasoak Germanwings konpainiaren kontrako salaketa jartzea aztertzen ari dira
Alpeetako hegazkin ezbeharrean hildako biktima baten gurasoak Germanwings aire-konpainiaren kontrako salaketa jartzea aztertzen ari dira, tragedian izan dezakeen erantzukizunarengatik. Halaber, horrelakoak ez errepikatzeko, pilotuei kontrol psikologiko gehiago egitea eskatu dute.
Ezbeharraren harira, Germanwings hegazkin konpainiak izan ditzakeen erantzukizun eratorriengatik salaketa aurkeztea pentsatzen ari dira. Halaber, pilotuen buru osasunari buruzko kontrol gehiago egiteko eskatu die hegazkin konpainiei. Are gehiago, kabina barruan hiru edo lau pertsona egotea eskatzen dute eta ez bi bakarrik.
Omenaldi hunkigarria
Ostegun honetan Frantziara hegazkinez joan diren 62 senideak eta bart autobusez abiatu ziren beste 14 goizean bildu dira Marseillako aireportuan. Frantziako agintariek hartu dituzte bertan, eta gutxi geroago Brice Robin fiskalak kazetariei azaldu beharrekoa aurreratu diete.
Ikerketaren norabide berriak senideak hunkitu ditu. Jendarmeriak lagunduta Le Vernet herri txikira heldu dira, tragedia gertatu zen tokitik gertuen dagoen herrixkara, alegia.
Le Verneten, 250 bat senitartekok, Bartzelonatik zein Düsseldorfetik etorritakoak, hildakoei omenaldi hunkigarria egin diete.
Gaurkoan ere, hegaldi bat eskainiko dio Germanwingsek biktimen senideei, Bartzelonatik Marsellara joateko. Senideak artatzeko zentroa abian jarri dute Marsellan.
Zure interesekoa izan daiteke
Renfek autobus bidez eskainiko du Beasain eta Tolosa arteko zerbitzua gaurtik aurrera, lanak direla eta
Beasain eta Tolosa arteko tren zerbitzua sei egunez etengo dute, abuztuaren 17tik 19ra eta 29tik 31ra.
Iruñeko Iturrama auzoko obra batzuen bilakaera jarraitzeko behatoki bereziak jarri dituzte
Misericordia egoitzan bizi diren herritarren artean obrek piztu duten interesaren ondorioz, eraikuntza-enpresak sei leiho ireki ditu lanak estaltzen dituen oihalean. Batek baino gehiagok irmo kritikatu ditu leihoen ondoan idatzitako esloganak.
Llantenoko sutea kontrolpean dute, 100 hektarea inguru kiskali ondoren
Suteak itzaltzeko zerbitzuek lanean jarraitzen dute erabat itzali arte, haizeak eta tenperatura altuek ez baitute laguntzen. Familia batek etxera itzuli ahal izan du igande honetan.
"Nolabaiteko baikortasuna" Rigloseko sutean, suak Jaca ondoko Oroel mendira jotzea oztopatu ondoren
16.600 hektarea baino gehiago kaltetu ditu suteak, eta mila bat lagun eta 35-40 aire-baliabide ari dira lanean; 19 herrigunetako 1.046 bizilagunek etxetik kanpo jarraitzen dute. UMEko militar bat hil da gaur arratsaldean, Jakatik 10 kilometrora.
Autoak zeramatzan kamioi batek errepidetik irten eta su hartu du Sunbillan
Autoak zeramatzan kamioi bat errepidetik atera eta su hartu du Sunbilla parean. Kamioia erabat kiskalita geratu da baina gidaria, 49 urteko gizonezkoa, arin zauritu da. 07:00ak aldera gertatu da ezbeharra N-121 errepidean.
10 urteko haur bizkaitar bat egoera kritikoan, Espinosa de los Monterosen (Burgos) traktore batek harrapatu ostean
Istripua larunbateko 22:30ak baino minutu batzuk lehenago gertatu zen, Sancho Garcia plazan, oraindik argitzeke dauden arrazoiengatik.
Jorge Carvalhok euskara bere bizimodu bihurtzea lortu du
Ia 30 urte daramatza jada Euskal Herrian bizitzen. Igeltseroa da lanbidez, baina pandemian lana galdu zuen, eta 62 urte zituela betidanik maite izan duen zaletasuna bizimodu bihurtzea erabaki zuen: kalean euskaraz kantatzea. Ordutik, Bilboko Plaza Eliptikoan giroa alaitzen du, euskarazko errepertorio zabalarekin.
Bi lagun zauritu dira hegazkin txiki batek Vianan izan duen istripuan
300 oin inguruko altueratik erori dira Ulagosa izeneko eremura. Batek pronostiko larriko traumatismo kraneoentzefalikoa du, eta besteak traumatismo kraneoentzefalikoa eta orkatilla hautsita.
Abian da mahats-bilketa, historiako goiztiarrena
Mahatsondoak ohi baino lehenago hasi dira fruitua ematen, eta Nafarroako Erriberan ekin diote jada mahatsa biltzeari. Inurrieta bodegan iaz baino astebete lehenago jarri dituzte martxan uzta biltzeko makinak.
Donostiak amaiera eman dio Aste Nagusi borobilari, gorabehera garrantzitsurik gabe
Insaustik nabarmendu du delituen kopurua % 45 jaitsi dela iazkoarekin alderatuta, eta pandemiaren ostean izan den kopururik txikiena izan dela.