Gasteizko Udalak espero du gaur bertan izatea txorrotako ura edangarri
Bien bitartean eta ura garbi atera arte, iturriko ura ez kontsumitzeko deia egin dute. Matxuraren eraginez, botilako ura agortu egin zen atzo San Kristobal auzoan.
Horrela ateratzen zen ura atzo San Kristobal auzoko etxebizitzetan. EITB
AMVISA Gasteizko Udal Uraren konpainiak iturriko ura ez kontsumitzeko gomendioari eutsi dio. Atzo, larunbata, hodi bat lehertu zen San Kristobal auzoan, eta ondorioz, txorrotako ura arre atera zen egun osoan. Udalaren aurreikuspena da igandean zehar egoera bere onera etortzea.
Hodi haustura atzo goizean jazo zen, eta lehertutakoa 30 bat zentimetroko tutua izanez zenez, ura borborka atera zen, Zumakadi pasealekuaren zati bat eta inguruko etxabe eta garajeak urez betetzeraino. Teknikariek ordu gutxiren buruan konpondu zuten matxura, baina garbiketa lanak bazkalorduan amaitu zituzten.
Ur hornidura etenda egon zen tarte batez, eta hura berrezartzean lohituta irteten zen. Osasunarentzat arriskutsua ez bada ere, badaezpada, kanilako ura ez edateko aholkatu zuen AMVISAK.
Hori horrela, botilako ura agortu egin zen inguruko ia establezimendu guztietan.