IRUZURRAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Foruzaingoak ohartarazi du WhatsApp kontuen usurpazioek nabarmen egin dutela gora eta gomendio sorta kaleratu du

Delitugileek biktimaren kontuaren kontrola hartzen dute, horren profil argazki eta kontaktuen zerrenda erabilita. Gertuko kontaktuei mezuak bidaltzen dizkiete premiaz dirua eskatuz. Delitu Informatikoen Taldeak iruzurroi aurrea hartzeko eta biktima izanez gero, arin erantzuteko gida prestatu du. 

Lehen gomendioa: WhatsApp kontua blindatzea. Foruzaingoaren gidatik hartutako pantaila irudia.

Lehen gomendioa: WhatsApp kontua blindatzea. Foruzaingoaren gidatik hartutako pantaila irudia.

Foruzaingoak ohartarazi duenez, WhatsApp kontuen usurpatzeak nabarmen igo dira. Iruzur mota horietan delitugileek biktimaren kontuaren kontrola hartzen dute, transferentzien edo Bizum bidez biktima horren kontaktuei dirua eskatzeko. Horren aurrean, prebentzio eta erantzun prestatu du Foruzaingoaren Delitu Informatikoen Taldeak. 

Nafarroako poliziak ohar bidez azaldu duenez, zibergaizkileek larrialdi mezuak bidaltzen dizkiete biktimaren kontaktuei dirua premiaz behar dutela esanez, eta ziria sartzea lortzen dute biktimaren profileko argazki bera eta kontaktu zerrendak bereganatzen dituztelako. Delitugileek pertsonen arteko konfiantza eta presazko eskaerak dituzte lege biktimaren gertukoek erreakzionatzeko tartea izan ez dezaten. 

Iruzur horiek saihesteko zortzi pausoko gida prestatu du Foruzaingoak. Funtsezko gomendioa da bi urratseko egiaztapena aktibatzea. Horren bidez, erabiltzaileak pasahitza ezartzen du eta kontua berreskuratzeko helbide elektroniko batekin lotzen. Hala, delitugileak egiaztapen SMS lor dezakeen arren, ezingo du kontua aktibatu pasahitz gehigarri hori gabe.

Era berean, Foruzaingoak gogorarazi du WhatsAppek ez duela SMS bidez jasotako kodea eskatzen, eta beraz, ohartarazi du kode hori ez zaiola hirugarren bati eman behar. Aldian-aldian komeni da kontuari lotutako gailuak berrikustea eta gailua ezezaguna izatekotan, saioa ixtea. Aplikazioaren pribatutasuna handitzea eta WhatsAppen blokeo biometrikoa erabiltzea. Halaber, garrantzitsua da telefonoa eguneratuta edukitzea eta esteka susmagarrietan ez sakatzea. Azkenik, mezu bidez dirua bidaltzeko edozein eskaeraren aurrean, gomendagarria da telefono dei batekin egiaztatzea. 

Iruzur mota horren biktima izan direnei, bestalde, honako gomendioak eman dizkie Foruzaingoak: aplikazioa berriro instalatzea, sistema eragileak eguneratzea, senideei eta kontaktuei iruzurraren berri ematea eta bankuko mugimenduak berrikustea. Oso garrantzitsua da pantaila irudiak edo frogak biltzea salaketa aurkeztu ahal izateko. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X