Ertzaintzak motxila bat leherrarazi du Balmasedako edukiontzi batean
Lehergailuak Indargabetzeko Unitateak protokoloari jarraituz esku hartu du, ingurua hesitu ondoren; motxilak gizon baten lanbidearekin lotutako material-hondarrak zituen, eta ez dute lehergairik aurkitu.
Ertzaintzako Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko espezialistek kontrolpean leherrarazi dute ostiral honetan Balmasedako (Bizkaia) erdigunean edukiontzi batean aurkitutako motxila bat. Protokoloari jarraituz egin dute esku-hartzea, eta barruan ez dute eztanda egiteko moduko elementurik aurkitu.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 16:00ak aldera, herritar batek poliziari ohartarazi dio pertsona batek motxila bat sartu duela herriguneko edukiontzi batean.
Motxila 18:30ak aldera leherrarazi dute
Lekura joandako agenteek motxila han zegoela egiaztatu eta ingurua hesitu dute. Bertaratutako baliabideen artean, Ertzaintzako Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko espezialistak zeuden.
Esku-hartzean, herritar bat agenteengana hurbildu da, motxila edukiontzian berak utzi zuela aitortzeko. Azaldu duenez, bere lan-jarduerako hondakinak zeuden barruan.
Hala ere, espezialistek ezarritako protokoloari jarraitu diote, eta motxila kontrolpean leherrarazi dute 18:30ak aldera. Segurtasun Sailak baieztatu duenez, barruan ez zegoen eztanda egiteko moduko ezer.
Esku-hartzea amaitu da, lehergairik aurkitu gabe.