Albiste dira
Sare sozialak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

TikTok salatu du Fiskaltzak, haurrei egindako sexu-abusuen bideoak zabaltzeagatik

Sare sozialean adingabeen sexu-abusuen materiala zabaltzearekin lotutako balizko delituak ikertzeko eskatu du, eta salatutako edukiak berehala kentzeko eskatu dio epaileari. Maldita.es hedabidearen ikerketa baten arabera, mota horretako mila bideo baino gehiago identifikatu zituzten plataforman.

TikTok

Espainiako Estatuko Fiskaltza Nagusiak TikTok Technologies Spain SL salatu du ostiral honetan Madrilgo Auzitegiko Guardiako Epaitegian, sare sozialean haurrei egindako sexu-abusuen materiala zabaltzearekin lotutako balizko delituak iker ditzaten.

Salaketa Elvira Tejada de la Fuente Delitu Informatikoetako fiskal nagusiak aurkeztu du. Fiskalak prozedura judiziala abiarazteko, jarduketak sekretupean mantentzeko eta gertatutakoa argitzeko eta ustezko arduradunak identifikatzeko beharrezko ikerketa egin dezatela eskatu du.

Horrez gain, salatutako edukiak premiaz eta berehala kentzeko eskatu dio agintaritza judizialari.

Maldita.es hedabidearen ikerketa, salaketaren abiapuntua

Teresa Peramato Martín Estatuko fiskal nagusiak Delitu Informatikoen Fiskaltzari agindu zion azaroaren 11n Maldita.es hedabideak salatutako balizko delituak ikertzeko. Hedabideak TikTok bidez haurrei egindako sexu-abusuen materiala argitaratu, zabaldu eta saltzen ari zirela ohartarazi zuen.

Salaketaren arabera, sare sozialak mota horretako edukiak gomendatuko lituzke, eta horietako batzuk TikTok bertan edo beste plataforma batzuetan ikus daitezke. Horrez gain, adingabeek ordain ekonomikoen truke parte hartzen duten zuzeneko emankizunak ere aipatzen ziren.

Maldita.es hedabideko ordezkariak Fiskaltzaren aurrean agertu ziren salaketa berresteko eta bildutako frogak aurkezteko. Beharrezko egiaztapenak egin ondoren, fiskal nagusiak auzia agintaritza judizialaren esku utzi du.

Mila bideo baino gehiago eta 8,8 milioi ikustaldi

Maldita.es hedabideak joan den astelehenean argitaratutako ikerketa batean azaldu zuenez, haurrei egindako sexu-abusuen material esplizitua zuten mila bideo baino gehiago identifikatu zituen TikToken. Horietako 50 salatu zizkion plataformari legez kanpokotzat jota. Bideo horiek 8,8 milioi ikustaldi eta 148.000 'atsegin dut' baino gehiago zituzten.

Maldita.es-en arabera, TikTokek bost bideo baino ez zituen ezabatu (% 10), eta beste 13 blokeatu (% 26), baina azken horiek Espainian soilik. Kasuen % 6an ez zuen erantzunik eman, eta gainerako % 58an edukiak ez zirela legearen edo plataformaren arauen aurkakoak ebatzi zuen.

Hala ere, azken horien erdiak baino gehiago salaketen ondorengo 72 orduetan kendu zituzten. Epe hori igarota, salatutako kontuen % 38k aktibo jarraitzen zuen.

TikTokek segurtasuna lehenesten duela dio

TikTokek, bere aldetik, erabiltzaileentzako ingurune segurua bermatzea bere "lehentasun nagusia" dela adierazi du. Halaber, Maldita.es-i leporatu dio ikerketaren emaitza guztiak ez partekatu izana; konpainiaren arabera, horrek salatutako edukiak kentzea eragozten dio.

Auziak Espainiako Gobernuaren erantzuna ere eragin du. Asteartean, Sira Rego Gazteria eta Haurtzaroko ministroak Espainiako Datuak Babesteko Agentziari (AEPD) eskatu zion TikToken jarduera Espainian salbuespenez eteteko, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 66. artikuluaren babesean.

AEPDk TikTokeko estekak eta edukiak blokeatzeko agindu ahal izango du, adingabeen datuen legez kontrako tratamendua dakartela egiaztatzen badu, edukia eta plataformari eskatutako informazioa aztertu ondoren.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X