Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, Judimendi auzoko zortzi autotan lapurtzeagatik eta kalteak eragiteagatik
25 urteko gazte bat atxilotu du Ertzaintzak ostiral goizaldean, kaltetutako ibilgailuetako baten barruan harrapatu ostean. Odol arrastoak aurkitu dituzte autoan eta bihurkin batean.
Ertzaintzak 25 urteko gazte bat atxilotu du ostiral goizaldean Gasteizen, Judimendi auzoan aparkatuta zeuden ibilgailuetan lapurretan egitea eta kalteak eragitea egotzita. Poliziak autoetako baten barruan harrapatu du susmagarria, ustez lapurreta egiten ari zela.
Gertakariak ostiral honetan, azaroaren 13an, 04:15 inguruan izan dira. Ertzaintzak abisua jaso du pertsona bat, beltzez jantzita eta txapela buruan, kalean aparkatutako hainbat ibilgailuri kalteak eragiten ari zela ohartaraziz.
Patruila bat bertaratu denean, argiak eta keinukariak piztuta zituen auto bat aurkitu du. Ibilgailuak aurreko aldeko leihoetako bat hautsita zuen, eta barruan pertsona baten silueta ikusi dute agenteek.
Ertzainek hainbat aldiz eskatu diote barruan zegoenari autotik ateratzeko. Azkenean, gaztea atera da, eta agenteek ezkerreko eskuan zauri berri bat zuela ikusi dute. Autoaren barruan ere odol arrastoak aurkitu dituzte.
Mugikorrerako kableak eta eguzkitako betaurrekoak
Prebentziozko miaketan, hainbat objektu aurkitu dizkiote gazteari: bost USB kable, kargagailu bat, entzungailuak, giltzak, gasolindegiko txartelak, eguzkitako bi betaurreko, garajea zabaltzeko gailu bat eta kuter bat, besteak beste.
Zortzi ibilgailutan kalteak
Bien bitartean, inguruan zeuden beste patruilek indarrez irekitako eta kaltetutako ibilgailu gehiago aurkitu dituzte. Atxilotua zegoen autoaz gain, beste batek leiho bat hautsita eta barrualdea nahasita zituen.
Aztertutako beste sei autoek ere hainbat kalte zituzten, batez ere atzerako ispiluetan, kristaletan, ateen markoetan eta heldulekuetan.
Monobolumen baten ondoan, odol arrastoak zituen bihurkin bat ere aurkitu dute ertzainiek. Ustez, gazteak erabili du tresna gertakariak izan diren bitartean.
Horrenbestez, 25 urteko gaztea atxilotu dute, ibilgailuetan indarra erabiliz egindako ustezko lapurreta eta kalte delituak egotzita.