Kokaina koadroetan ezkutatuta: hartzailea atxilotu dute Oñatin
Kolonbiatik bidalitako bi koadrok kokaina likidoa zeramaten metakrilato barruan. Paketearen hartzailea atxilotu eta 1,5 kg kokaina atzeman dituzte haren etxean.
Kolonbiatik Euskal Herrira zetozen bi margolan Guardia Zibilaren eta Zerga Agentziaren eskuetan amaitu dute, piezak kokaina likidoa garraiatzeko modua zirela egiaztatu ondoren. Hartzailea atxilotu dute -jatorri kolonbiarreko 42 urteko gizona-, bidalketa jasotzera zihoanean.
Koadroetako likido gardenak "berehala susmoak piztu zituen legez kanpoko substantzia izan zitekeela", azaldu du Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaritzak. Drogak detektatzeko proban, emaitzak positibo eman zuen kokainan eta, ondorioz, droga modu kontrolatuan entregatu dute, bertan hartzailea atxilotzeko, Oñatin.
Atxilotu ondoren, etxebizitza miatu dute, eta kokaina gehiago konfiskatu dute bertan. Zehazki, 1.580 gramo hauts atzeman dituzte, eta positibo eman du kokainan egindako testean. Horrez gain, narkotrafikoko hainbat material ere konfiskatu dute, hala nola material teknologikoa, dokumentazioa, produktu kimikoak, ontziratzeko makina bat, doitasun-baskulak eta kimikoen aurkako babes-maskarak.
Operazioa Adolfo Suarez Madrid-Barajas aireportuko aduana-eremuan hasi zen . Aireportuko Arriskua Aztertzeko Unitateko Aduana-Zaintzaren eta Guardia Zibilaren agenteek Kolonbiatik zetorren paketea atzeman zuten, bi koadroak zituena.
Atxilotua eta jarduketak Bergarako Epaitegiaren esku utzi dituzte, Instantzia Auzitegiko Atal Zibil eta Instrukziokoan.