Istripua Eibarren: hiru zauritu ospitaleratuta eta Elgoibarrerainoko auto-ilarak
Bi autok eta kamioi batek talka egin dute Eibarko saihesbidean, N-634 errepidean. Hiru zauritu Mendaroko ospitalera eraman dituzte eta auto-ilarak Elgoibarreraino iritsi dira.
Gidari batek bidalitako argazkia.
Bi autok eta kamioi batek talka egin dute N-634 errepidean, Eibarko saihesbidean, Azitain inguruan. Hiru zauritu Mendaroko ospitalera eraman behar izan dituzte, Ertzaintzak baieztatu duenez.
Poliziaz eta anbulantziez gain, suhiltzaileak ere bertaratu behar izan dira.
Trafikoa hirigune barrutik bideratu dute. Horren eraginez, eta Urkizu auzoan izandako beste gorabehera bat tarteko, herriko kaleetan ere trafiko-arazoak ematen ari dira.
N-634 errepidean sortu diren auto-ilara luzeak Elgoibarreraino iritsi dira, eta arazoak daude Soraluze eta Maltzaga lotzen dituen GI-627 errepidean ere.