Euskal Konfederazioak Baionan deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egin dute 300 hautetsik
Ipar Euskal Herriko 300 hautetsik baino gehiagok bat egin dute Euskal Konfederazioak datorren azaroaren 21erako Baionan deitu duen manifestazioarekin, eta euskararen aldeko mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei, gaur goizean, Baionan, egin duten agerraldian.
"Euskararen garaia da" lelopean Euskal Konfederazioak hurrengo larunbaterako deitu duen manifestazioan, besteak beste, euskara hizkuntza koofiziala izatea eta Frantziako Konstituzioaren bigarren artikulua aldatzea eskatuko dute, ez dadin izan frantsesa hizkuntza aitortu bakarra. Horrez gain, Asanblea Nazionalean hizkuntza gutxituen aldeko lege bat bozkatzea eta Ipar Euskal Herriko erakundeek euskararen aldeko hizkuntza politikak martxan jartzea ere aldarrikatuko dute.
Deitzaileek beharrezkoa ikusten dute mobilizatzea azken aldian euskararen aurka izaten ari diren "mehatxuen" aurrean.
Gutxienez 175 elkartek izenpetu dute azaroaren 21eko manifestazioaren aldeko manifestua.
Gizarte zibilaren ondotik, Ipar Euskal Herriko kolore politiko anitzetako parlamentari eta senatari guztiek bat egin dute deialdiarekin, baita hamarnaka auzapez eta hautetsik ere. Tartean dira, esaterako, Alain Iriart Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Peio Dufau EH Baiko diputatua, Colette Capdevielle PSko diputatua eta Iñaki Etxaniz Fronte Popular Berriko diputatua.