Albiste dira
SARE SOZIALAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Eroskik TikToken publizitatea eten du, haurrei egindako sexu-abusuekin lotutako edukiengatik

Euskal kooperatibak Moeve, Banco Santander, El Corte Inglés eta Verisurerekin bat egin du; izan ere, horiek ere iragarkiak kendu dituzte, Maldita.es-en ikerketaren ondoren. Aldeas Infantilesek ere eten egin du bere jarduera plataforman.

tiktok-eeuu aeb sare sozialak red social-efe

Hainbat enpresa eta erakunde TikToken publizitatea kentzen eta plataforman duten jarduera eteten hasi dira Espainian, Maldita.es hedabideak sare sozialean haurrei egindako sexu-abusuekin lotutako milaka eduki eta profil daudela salatu duen ikerketaren ondoren.

Neurriak iragarri dituzten enpresen artean daude Eroski, Moeve, Banco Santander, El Corte Inglés eta Verisure. Aldeas Infantilesek ere TikToken argitaratzeari utziko diola jakinarazi du, ikerketaren berri izan ondoren.

Eroskik behin-behinean eten du TikToken publizitatea

Eroski banaketa-kooperatibak ostiral honetan hartu du TikToken iragarki eta ikus-entzunezko eduki berriak argitaratzeari behin-behinean uzteko erabakia.

Agiri batean, konpainiak "erabateko gaitzespena" adierazi die adingabeen aurkako sexu-abusu, esplotazio eta indarkeria mota guztiei. Eroskiren iritziz, onartezina da haurren eskubideak eta duintasuna urratzen dituzten edukiak zabaltzea, eta haien babesa edozein interes komertzialen gainetik egon behar da.

Erabakia hartu du, hain zuzen ere, eduki horien inguruko ikus-sekuentzietan hainbat markaren publizitatea agertu dela jakin ondoren; tartean, Eroskirena.

Konpainiak komunikazio digitalaren segurtasun-baldintzak eta bermeak berrikusiko dituela iragarri du. Era berean, plataformei eskatu die eduki horiek prebenitzeko, detektatzeko eta ezabatzeko neurri eraginkorrak har ditzatela, baita horien hedapena eta monetizazioa eragozteko ere.

Moevek, Santanderrek eta El Corte Inglés-ek ere iragarkiak eten dituzte

Eroski ez da neurriak hartu dituen enpresa bakarra. Moevek, Cepsa ohiak, TikToken publizitate-kanpainak bertan behera utzi ditu, eta bere kontuko argitalpen organikoak ere eten ditu.

Banco Santanderrek, berriz, publizitate-kanpainak geldiarazi ditu, eta plataformako kontu ofizialean eduki berriak argitaratzeari utzi dio. El Corte Inglés-ek ere kanpainak eten ditu, eta Verisurek iragarkiak kendu ditu.

Enpresa horiei Aldeas Infantiles erakundea gehitu zaie. Haur eta nerabeen babesaren alde lan egiten duen elkarteak TikToken zuen jarduera guztia etengo duela jakinarazi du.

Enpresek plataformara itzultzeko aukera segurtasun- eta kontrol-berme nahikoak eskaintzearen baldintzapean jarri dute, iragarkiak haurrei egindako sexu-abusuekin lotutako edukien ondoan berriro ager ez daitezen.

Fiskaltzak TikTok salatu du Madrilgo epaitegietan

Auziak bide judiziala ere hartu du. Fiskaltzak TikTok salatu du Madrilgo epaitegietan, sare sozialaren bidez haurrei egindako sexu-abusuen materiala zabaltzearekin lotutako ustezko delituengatik.

Gainera, eduki horiek lehenbailehen kentzeko eskatu du.

Maldita.es hedabidearen ikerketak TikToken haurrei egindako sexu-abusuekin lotutako milaka argitalpen eta profil daudela azaleratu du, baita eduki horien ondoan marken iragarkiak agertzen direla ere. Auziak enpresen eta erakundeen lehen erreakzioak eragin ditu, plataforma digitalei adingabeen babesa bermatzeko neurri zorrotzagoak eskatzeko.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X