Milaka pertsona indarkeria matxistaren kontra irten dira Euskal Herri osoan
Euskal Herriko hiriburuetako kaleak bete dituzte milaka pertsonak, indarkeria matxista errefusatzeko, Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko egunean.
Azaroaren 25 honetan Euskal Herriko Mugimendu Feministak hautatutako leloa "(In)justizia patriarkalaren gainean, saretze feminista" izan da.
Bilbon, manifestazioa eguerdian hasi da Jesusen Bihotza plazatik. Martxaren buruan izan diren milaka emakumeak "justizia patriarkala, indarkeria instituzionala" bezalako aldarriak oihukatu dituzte, eta atzerritarren legea kontra ere egin dute.
Manifestazioa Udaletxearen aurrean bukatu da. Bertan, emakumeek indarkeria matxistarekin "kokoteraino" daudela esan dute, "bitarteko gehiago eta minutu bateko isilune gutxiago" eskatu dituzte, eta justizia "heteropatriarkala" salatu dute.
Lehenago, Mugimendu Feminista epaitegien aurrean elkarretaratu da.

Iruñeko manifestazioa ere eguerdian hasi da. Milaka pertsona Gazteluko plazan bildu dira genero indarkeria errefusatzeko, "Game over indarkeria sexistari. Kitto" lelopean.
Espainiako Gobernuak Nafarroan daukan ordezkaritzaren, Parlamentuaren eta Gobernuaren aurrean igaro dira, eta erasotzaileen, erakundeen eta Elizaren aurkako leloak esan dituzte.
Hurrengoak ere entzun dira Iruñean: "bat ukitzen badute, guztiak ukitzen dituzte", "epaileak eta legeak ere konplizeak dira", "bukatu dira hitzak, ekintzak nahi ditugu", "justizia hau kaka hutsa da", "Eliza ez dadila sartu gure bizitzetan", "ez dira eroaldiak, hilketak baizik", "patriarkatua eta kapitala, itun kriminala" eta "kale eta gaua, gureak ere badira".
Iratxe Alvarez Indarkeria Sexistaren aurkako Emakumeen Plataformako bozeramaileak esan duenez, “sistema patriarkal osoari zuzendutako mezua da ‘game over’ delakoarena, emakumeen aurkako eguneroko indarkeria baimentzen duelako”.
Lehenago, "mezu argia eta irmoa" helarazi du Plataformak: "heteropatriarkatuari eta konplizeei, kitto, bukatu zaie jokoa", eta eskatu du "erasoak jasan dituzten emakume guztien erreparazioa". Justizian kalitatezko prestakuntzarik ez dagoela eta poliziak protokoloak ez dituztela betetzen salatu dute.
Mobilizazioan izan dira Maria Solana Hezkuntza sailburua eta Nafarroako Gobernuko bozeramailea (Geroa Bai); EH Bildu, Ahal Dugu, PSN eta I-Eko parlamentariak, eta Nafarroako CCOOko idazkari nagusia, Chechu Rodriguez.
Ordubete lehenago, feministek Nafarroako hiriburuko epaitegien aurrean elkarretaratzea egin dute.

Baionan, 50 bat lagun bildu dira Udaletxearen aurrean, "injustizia patriarkalaren" aurrean "autodefentsa feminista" aldarrikatu dute.

Donostian, Boulevardetik abiatu du martxa, 12:30etan, eta Alde Zaharra morez jantzi du.
Zuloaga plazan bukatu da. Bertan "injustizia patriarkala" salatu dute. Gipuzkoako hiriburuan ere epaitegien aurrean elkarretaratzea egin dute lehenago. Donostiako Maratoiaren ondorioz kale asko itxita egon dira, eta martxaren ibilbidea aldatu dute. Udalak atletismo probari lehentasuna eman izana deitoratu du Ane Txurruka bozeramaileak.
Hurrengo leloak ikusi eta entzun dira: "Indarkeria sexistari stop", "Feminismoaren kontrakoa ezjakintasuna da" eta "Baietzik ez badago, ezetz da".

Gasteizen, indarkeria sexistaren aurkako martxa 13:30etan hasi da epaitegien aurrean. Leku berean elkarretaratzea egin dute 11:00etan.

Arabako Batzar Nagusiek indarkeria matxistaren biktimen kontakizunari buruzko susmorik ez izatea eskatu dute
Azaroko osoko bilkuran, indarkeria matxistaren biktimek ordaina izateko eskubidea dutela aldarrikatu dute Arabako Batzar Nagusiek, eta horrek sufritu duten erasoen kontakizuna entzutea eta zilegi egitea eskatzen duela.
Diskriminazioaren, berdintasunik eza eta indarkeria matxistaren arteko lotura salatu dute, eta indarkeria hori giza eskubideen urraketa direla esan dute.
Salatu dutenez, "emakumeen kontakizunen susmoa izaten denean eta zalantzan jartzen direnean" eta euren hitza "gutxietsita, zikinduta eta isilarazita" denean, biktimizazio bikoitza gertatzen da, erasotzaileak justifikatuz.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren elkarretaratze isila
Markel Olano Gipuzkako ahaldun nagusiak eta foru gobernuko kideek Aldundiaren jauregiaren aurrean egin dute elkarretaratzea, isilik, "beste behin emakumeenganako indarkeriari aurre egiteko banakako eta guztien konpromisoa" adierazteko.
Batzar Nagusietako presidente Eider Mendoza eta EAJ, PSE eta PPko batzarkideak ere bertan izan dira. Foru gobernua "gure gizartean indarkeria sexista hartzen ari den dimentsioaren" jakitun dela esan du Miren Elgarresta, Gipuzkoako Aldundiko Berdintasunerako Organoaren zuzendariak.
"Gizartearen geruza guztiak barne hartzen dituen arazo bati buruz ari gara. Horregatik beharrezkoa da berdintasun politikak zeharka jarri behar dira martxan, geruza guztietara heltzeko", esan du Elgarrestak. "Indarkeria sexistaren aurreko erantzun publiko instituzionalaren protokoloaren" balantzea egingo du bihar Olanoren Gobernuak.
Zure interesekoa izan daiteke
Ekain Perrinoren erasotzaile ia guztiei 2 urteko kartzela zigorra ezarri diete, gorroto-delituagatik
Eraso homofoboaren hamaika egileetatik hamarri 2 urteko espetxe-zigorra ezarri diete, eta hamaikagarrenari, 14 hilabetekoa. Denei 500 metroko urruntze agindua eta isunak ere ezarri dizkiete. Ekain Perrinori eraso bortitza egin zioten, 2021eko ekainean, Basaurin.
Lehengai gisa pipa-azalak erabiliz, bateria kargagarriak lortu dituzte EHUko ikertzaileek
Unibertsitateak jakinarazi duenez, ikerketak egiaztatu du biomasako materialekin egindako bateriek energia nahikoa biltegiratzeaz gain, karga eta deskargako 1.000 ziklo egin ditzakete. Aurkikuntzak aukera ekologikoagoak eskaintzen ditu "garestiagoak eta kutsagarriagoak" diren bateria tradizionalen aurrean.
Albiste izango da: Aste Santuko irteera operazioa, krisiaren aurkako neurriak eta Ilargirako itzulera
Orain-eko albisteen laburpena, minutu batean.
Hamaika udalerritan Uber herri barruko zerbitzuak ematen ari dela atzeman du Gipuzkoako Foru Aldundiak
Foru erakundeak udaltzainak trebatzea eskaini die udalerri horiei, bide publikoan ikuskapenak egin ditzaten, "beren eskumenen esparruan, lurreko garraioei buruzko Lege Organikoan jasotzen den bezala".
Sutea izan da Lodosako etxebizitza batean, eta Zazpi pertsona zauritu dira; bat, larri
Zazpi pertsona ospitalera eraman dituzte, gaur arratsaldean, Lodosako etxebizitza batean izandako sutearen ondorioz. 77 urteko emakume bat erredura larriekin eraman dute helikopteroz Nafarroako Unibertsitate Ospitalera. Gainerakoek zauri arinak dituzte, kea arnasteagatik.
Ertzaintzak Errekaldeko gaztetxea hustu eta pertsona bati espedientea ireki dio
Ertzaintzako agenteek gazte-eragileek Bilboko Errekalde auzoan erabiltzen zuten lokal bat hustu dute astearte honetan. Bertan, bi pertsona identifikatu eta hirugarren bati espedientea ireki diote.
Sutea izan da Lodosako etxebizitza-bloke batean eta zazpi pertsona zauritu dira
Biktimetako batek erredura larriak ditu, eta Gurutzetako Ospitalera eramatea aurreikusten dute. Sei familia etxetik atera behar izan dituzte eta gaua ezagunen eta senideen etxean igaroko dute batzuek, herriko ostatu batean izango dira beste batzuk.
Zaleentzako guneak jarriko dituzte Zarautzen, Zumarragan, Tolosan eta Lasarten, Kopako finala jarraitzeko
Gipuzkoako Aldundiak hainbat ekintza antolatu ditu lau herriotan apirilaren 18rako, Sevillara joango ez diren zaletuek finaleko giroa bizi dezaten.
Adingabeei egindako sexu-abusuen kontuan fokua "Elizan soilik" jartzea leporatu dio Gasteizko gotzainak Espainiako Gobernuari
Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzainaren arabera, "erabat bidegabea da" Espainiako Gobernuak sexu-abusuen biktimen erreparazioaren kontuan "fokua Elizan soilik jartzea", eta espero du Espainiako Gotzainen Biltzarrak (EGB) eta Espainiako Gobernuak gaiaren inguruan lortutako akordioak balio dezala "beste batzuek ere euren lana" egin dezaten arazoari aurre egiteko.
Hogei urteko epean, 77.000 biztanle inguru gehiago izango dira orotara Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
2045eko hasierara bitarteko urteetan saldo begetatiboa negatiboa izango den arren, migrazioak eta jaiotza-tasaren susperraldak biztanleria handitzea ekarriko dute, batez ere 2035era bitartean.