Indarkeria matxista
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Barakaldoko bortxaketa saiakera gaitzetsi dute ehunka lagunek

Erasotzailea epailearen aurrera eraman dute, eta epaileak horren atxiloaldia luzatzeko agindu du. Erasotzaileei “zigor gogorragoak” ezartzeko eskatu die Barakaldoko alkateak epaileei eta fiskalei
18:00 - 20:00
Barakaldoko bortxaketa saiakera gaitzetsi dute ehunka lagunek

Ehunka lagun elkartu dira astelehen arratsalde honetan Barakaldoko Herriko Plazan, bortxaketa saiakera jasan duen emakumeari elkartasuna adierazi eta erasoa gaitzesteko asmoz. Erasotzailea epailearen aurrera eraman dute, eta epaileak horren atxiloaldia luzatzeko agindu du asteartera arte.

Udalak bat egin du Argitan Barakaldoko emakumeentzako aholku etxeak deitu duen elkarretaratzearekin. Hala, Amaia del Campo Barakaldoko alkateaz gain, udal gobernuko eta oposizioko zinegotziak ere bertan izan dira.

Erasorik ez erantzunik gabe’ lelopean, larunbatean jazo zen eraso matxista salatu dute bertaratu direnek.

Elkarretaratzea hasi aurretik, erasotzaileei “zigor gogorragoak” ezartzeko eskatu die Barakaldoko alkateak epaileei eta fiskalei. Testuinguru horretan, eraso matxistak jazotzen direnean kautelazko neurriak hartu eta “prebentziozko espetxeratzea” agintzeko eskatu die. “Poliziak bere lana egin du jada (erasotzailearen atxiloketarekin). Orain, epaileek eta fiskalek haien lana egin behar dute”, esan du Amaia del Campok.

Eraso matxista larunbateko 22:20 aldera jazo zen Carrefour eta Dia merkataritza-guneak lotzen dituen biribilgunearen inguruan. Erasotzailea emakumearengana gerturatu eta bortxatzen saiatu zen, baina ez zuen lortu, emakumeak bere burua defendatu baitzuen. Borrokan aritu ostean, gizonak ezponda batetik behera bota zuen emakumea.

Biktimak salaketa jarri zuen atzo, eta Ertzaintzak ustezko erasotzailea atxilotu zuen atzo arratsaldean Trapagaranen.

_________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Jendetza bildu du Korrikak Maulen

Arratsaldeko 17:00ak baino minutu batzuk lehenago iritsi da Korrika Euskal Herriko lehen hiriburura, Maulera. Gazte zein heldu, jende andana aritu da lasterka lekukoaren atzetik eta une dibertigarri eta politak bizi izan dira Zuberoako hiriburuan.  Lurraldeko eta hiriburuko hainbat elkarte eta herriko etxe ikusi ditugu parte-hartzen, hala nola, Sohütako pastorala, UEU, Palestinaren aldeko elkartea, Pitxu gaztetxea, Xiberoko Botza eta beste hainbat. Handik Nafarroa Beherea alderako bidea hartu du. Gaueko 22:00 pasata sartuko da lurralde hartan Aiherratik.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pertsona bat erietxera eraman behar izan dute Baionan gertatu den sute baten ondorioz

Sua 14:15ak inguruan piztu da garra Baiona Tipiko Kupelgileak karrikako eraikin batean. Suhiltzaileek eraikina hustu dute bertaratu orduko.  Hirugarren solairuan zegoen gizonezko bat larrialdi zerbitzuen laguntzarekin atera behar izan dute eta Baionako erietxera eraman dute kea arnastuta.  Garrak itzali badituzte ere, auzo guztiko elektrizitatea eta gasa moztu dituzte, prebentzio neurri gisa. Eraikinak kalte ugari izan ditu eta bere egoera hurrengo orduetan aztertu beharko da. Bizilagunek gaua etxetik kanpora igaroko dute. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

ELAk adierazi du CCOOko kide batzuek euskaldunen hizkuntza eskubideen aurkako kanpaina abiatu dutela

ELAk  adierazi du bat datorrela AEKrekin, Korrikaren antolatzailearekin, eta babestu egin du CCOOren zuzendaritza lasterketatik baztertzeko erabakia. ELA sindikatuak “euskararen aurka antolatutako kanpaina” baten parte izatea leporatu die CCOOko kide batzuei, eta, zentzu horretan, erabat "koherentea" iruditzen zaio Korrikan parte ez hartzen ez uzteko erabakia hartu izana.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X