BIZKAIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ama Birjinaren eguna ospatuko dute bihar Bilbon, erromeriarik eta aurreskurik gabe

Bi ekitaldiak bertan behera geratu dira, pilaketak eragin ditzaketen ekintzak saihesteko helburuarekin.
Begoñako basilika
Begoñako basilika. Irudia: EiTB

Bilbok Begoñako Ama Birjinaren eguna ospatuko du bihar, erromeriarik gabe eta Juan Maria Aburto Bilboko alkateak bilbotarren omenez egin ohi duen aurreskurik gabe, Bizkaiko hiriburuan eta beste euskal herri batzuetan koronabirusaren kutsatzeen gorakadak sortutako egoera sozial eta sanitarioa dela eta.

Bilboko Udalak gogorarazi duenez, Begoñako basilikaren kanpoaldean egin ohi diren bi ekitaldiak bertan behera uzteko arrazoia jendetza pilatzea eragin dezaketen ekintzak ekidin behar direla izan da, COVID-19aren osasun-gomendioak errespetatuz.

Horrela, Begoñako basilikaren barruan indarrean dauden edukiera-murrizketak eta higiene-neurriak mantenduko dira, eta katolikoentzat egun horretan tenpluan eskaintzen diren zortzi eukaristietako batera joateko plaza erreserbatu beharko da, aldez aurretik hitzordua eskatuta.

Bi ekitaldiak bertan behera geratu diren arren, Bilboko alkateak, aurreko urteetan bezala, 12:00etan Basilika horretan egingo den mezan izango dela iragarri du.

Bilboko Udalak hartu du aurreskua eta erromeria herrikoia bertan behera uzteko erabakia, Apezpikutzarekin koordinatuta.

1995ean Jose Maria Gorordo garai hartako Bilboko alkateak aurreskua dantzatzeko ohitura berreskuratu zuenetik Udalak herritarren omenezko ekitaldia bertan behera uztea erabakitzen duen lehen aldia da.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Bi pertsona ospitalera eraman dituzte Azpeitiako etxebizitza batean izandako sute baten ondorioz

Sutea izan da gaur eguerdian Azpeitian, Erdikaleko 27. zenbakiko etxebizitza batean. Sua 15:00ak pasatxo piztu da, eraikineko bigarren solairuan, eta ondorioz, inguruko bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte. Hirugarren solairuan zeuden bizilagunek ezin izan dute euren kabuz irten, eta suhiltzaileek lagunduta atera dituzte kalera. Suhiltzaileak lanean ari dira sugarrak amatatzeko. Bi pertsona Zumarragako ospitalera eraman dituzte, sutean kea arnasteagatik.

Ekain Perrino, elkarrizketa EiTBn
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Ekain Perrino: "Gorroto-delitua dela onartu da, baina 2 urteko espetxe zigorra ez da ezer"

Justiziak Ekain Perrinok 2021ean Basaurin jasandako eraso homofoboaren egile gehienak zigortu ditu. Hamaika egileetatik hamarrek bi urteko espetxe zigorra jaso dute, osotasun moralaren aurkako delituagatik; hamaikagarrenari, berriz, 14 hilabeteko kartzela zigorra eta zortzi hilabeteko isuna ezarri diote. Perrino pozik agertu da gorroto-delitua onartu duelako epaileak, 2 urteko espetxealdia ez dela nahikoa adierazi du.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X