Kontsultatu hemen Jaurlaritzak iragarritako neurri murriztaile berriak
Koronabirusaren hedatzeari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak hartutako eta indarrean dauden neurri murriztaileak:
- Gaueko 22:00etatik goizeko 06:00etara pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatzea.
- Jarduera sozioekonomikoak 21:00etatik aurrera mugatzea. Merkataritza-establezimendu guztiei eragingo die; farmaziei eta gasolindegiei izan ezik.
- Dendek eta supermerkatuek itxiera ordura (21:00ak) arte saldu ahalko dute alkohola. Orain arte 20:00ak arte bakarrik sal zitzaketen alkoholdun edariak.
- Edukiera mugak saltokietan. 50 metro koadro gorako dendek eta lokalek % 60ra mugatu beharko dute edukiera. Saltoki handienetan solairu eta denda guztietan bermatu beharko dute edukiera hori. Gainerako saltokiek % 75eko edukiera izango dute.
Horrez gain, dendariek 65 urtetik gorako bezeroei lehentasuna eman beharko dietela agindu dute. Halaber, bezeroen zirkulazioa bideratzeko ibilbideak egin beharko dituzte saltokietan, pilaketak eta kontaktuak saihesteko.
- Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduak itxiko dira. Kanpoan geratzen dira hoteletako eta beste ostatu batzuetako jantokiak, egoiliarrei zerbitzua emateko. Jatorduak etxez etxe prestatu eta zerbitzatu ahal izango dira, aldez aurretik hitzordua eskatuta, 21:00ak arte. Gasolindegietan, osasun-zentroetan, zentro soziosanitarioetan, eskola-jantokietan, lantegi eta jantoki sozialetako zerbitzu-guneetan sartzen diren jatetxe-zerbitzuak kanpoan geratzen dira. Kafetegi-zerbitzua modu osagarrian eskaintzen duten okindegi-gozotegi moduko establezimenduek ezin izango dute zerbitzu hori eskaini, eramateko izan ezik.
- Kultur jarduera, ikuskizun edo ekitaldi guztiak gaueko 21:00ak baino lehen bukatu beharko dira. Musika- eta ahots-entsegu kolektiboak edo dantza-entsegu kolektiboak, profesionalak ez direnean, bertan behera gelditzen dira. Debekatuta dago gozokiak, freskagarriak edo antzekoak saltzea eta kontsumitzea horrelako jarduerekin lotutako instalazioetan.
- Taldeko edozein kirol-jarduera garazita dago, lehiaketa profesionala edo erdi-profesionala izan ezik. Bestalde, gimnasio, kirol-talde, igerileku eta kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak egin ahal izango dira, eskola-kirola izan ezik, baldin eta maskara erabiliz egiten badira, sei laguneko taldeetan gehienez, eta edukiera % 40ra mugatuta badago.
- Debekatuta dago kirol-ekitaldietara joatea.
- Bakarka edo bizikideekin bakarrik egin ahal izango da kirola. Betiere, igerilekuetan izan ezik, banakako jarduera fisikoa edo kirola maskaraz egin beharko da hiri-inguruneetan.
- Joko eta apustu establezimenduak eta lokalak itxita egongo dira.
- Gaueko 22:30ak izango dira garraio publikoa lurralde historikotik ateratzeko gehienezko ordutegia. Salbuetsita dago taxia edo gidaria duen ibilgailuaren alokairua.
- Kultu jardueretan aforoa %35ekoa izango da gehienez. Halaber, erabiltzaileen arteko 1,5 metroko distantzia bete beharko da. Gehienezko edukiera kultu-aretoan jarri beharko da, ikusteko moduko lekuan.
- Lantokietan nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea. Betebehar hori ez da eskatuko lan-baldintzak bereziak kontuan hartuta, laneko osasun-zerbitzuek ez erabiltzea gomendatzen duten kasuetan. Nolanahi ere, 1,5 metroko segurtasun-distantzia gorde beharko da.
AURREKO NEURRIEK ERE INDARREAN JARRAITZEN DUTE
1- Gauez zirkulatzeko askatasuna mugatuta egongo da 22:00etatik 06:00etara (ordubete aurreratu dute gaur neurri hau). Hala ere, beharrezkoak diren jarduerak egiteko posible izango da kaletik ibiltzea.
Hauek aipatzen ditu zehazki dekretuak: sendagaiak, osasun-produktuak eta premia biziko beste ondasun batzuk erostea; osasun-zentroetara joatea; albaitaritza-zentroetara joatea urgentziazko arrazoiengatik; laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo legezko betebeharrak betetzea; ohiko bizilekura itzultzea, atal honetan aurreikusitako jarduera batzuk egin ondoren; adinekoei, adingabeei, menpekotasun-egoeran daudenei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki ahulei laguntza eta zaintza ematea; gasolindegietan edo gasolina-zerbitzuguneetan erregaia hartzea, aurreko paragrafoetan aurreikusitako jarduerak egiteko beharrezkoa denean, eta ezinbestekoa den edozein jarduera, betiere behar bezala egiaztatuta badago.
2- Euskal Autonomia Erkidegoko mugak itxita egongo dira. Salbuespenak izango dira eta beharrezkoak diren kasuetan posible izango da EAEko mugak zeharkatzea, besteak beste, osasun arreta jasotzeko, lanera joateko, ikasketengatik edo zaintza arrazoiengatik.
3- Udalerri guztietan sarrera-irteerak itxita egongo dira. Alabaina, udalerri mugakideen arteko mugikortasuna baimenduko da jarduera sozioekonomikoak egiteko (udalerri mugakidean egin ohi diren jarduerak, eta 2. artikuluan jaso diren salbuespenen artean ez daudenak, esaterako: supermerkatura joatea, tindategira, jatetxera edo haurtzaindegira joatea, eta gure udalerrian bertan egin ditzakegun baina, hurbiltasunagatik eta irisgarritasunagatik, udalerri mugakidean egitea komeni zaizkigun jarduera sozial eta/edo ekonomikoak, Jaurlaritzak gerora kaleratutako gidan jasotzen denez).
Udalerri mugakideetara joan ahalko gara, halaber, kirol-jarduerak edo aire zabaleko jarduera fisikoak egiteko, edota baimendutako kirol-lehiaketetarako beharrezkoak diren lekualdatzeak egiteko.
Aurreko bi kasuetan bezala, posible izango da udalerritik ateratzea, besteak beste, osasun arreta jasotzeko, lanera joateko, ikasketengatik edo zaintza arrazoiengatik.
4- Gehienez sei pertsona bildu ahalko dira taldean, eremu publikoan nahiz pribatuan. Bizikideak izatea izango da salbuespena eta kasu horretan ez da mugarik egongo.
Zure interesekoa izan daiteke
Ordu aldaketa: Udako ordutegia bueltan da
Martxoaren 28tik (larunbata) 29ra (igandea) bitarteko goizaldean, 2:00etan ordua aldatu beharko da, eta 3:00ak izango dira. Atseden hartzeko ordubete gutxiago egongo da. Egungo ordutegi ereduarekin jarraitzeko beharrak eztabaida sortzen du, batez ere bi arrazoi garrantzitsurengatik: osasuna eta energia kostua.
Futbol arbitro batek, emakume adingabea bera, irainak eta mehatxuak salatu ditu Basauriko partida batean
Bizkaiko Futbol Federakundeko lehiaketa batzordea gaur elkartzekoa da gertatutakoa aztertzeko eta balizko neurriak aztertzeko. Basauriko futbol taldeko jokalariak, teknikariak eta zaleak barne, irainka hasi ziren, talde bisitariak berdinketa (3-3) lortu eta gero.
BI-30 errepidean izandako istripu batek auto-ilarak eragin ditu Txorierrin eta Arrontegin
Ezbeharra goizean goiz gertatu da Erandion, eta errei bat itxi behar izan dute Galdakaorako noranzkoan. Ilara luzeak sortu dira.
EHUk unibertsitate-komunitatean errespetua eta bizikidetza indartzeko protokolo bat bultzatuko du
Ekimenak bitartekotza, partaidetza eta sentsibilizazio-neurriak izango ditu, eta komunitate osoaren ekarpenak jasotzeko plataforma digital bat izango du oinarri.
Albiste izango dira: Korrika zuzenean, krisi energetikoa eta Berdintasunerako Emakunde Saria
Orain-ek gaur landuko dituen albiste nagusien laburpena.
Korrika Gipuzkoan sartu da!
Atallu eta Araitz-Betelu atzean utzi eta Lizartzatik sartu da Korrika Gipuzkoan, Tolosaldean. Berastegiko udaleko ordezkariek sartu dute lekukoa Gipuzkoara. Ondoren, Galtzaundi Tolosako euskaltzaleen elkartearen txanda izan da. Mailopeko eta Tolosaldeako eskualdeak bat egin dute, Korrikaren alde. Gauean, besteak beste, Tolosa, Andoain, Hernani, Oiartzun eta Irun igarota, Nafarroara itzuliko da berriz ere eta goizaldeko 06:00ak aldera Beran izango dute.
Familia batek salatu du Durangoko egoitza bateko erabiltzaileek "gabezia larriak" dituztela
Egoitzako zuzendaritzak ukatu egin ditu akusazioak, lantaldearen "profesionaltasuna" defendatu du, eta ziurtatu du Bizkaiko Aldundiak ezarritako baldintza guztiak betetzen dituztela.
Bi pertsona zauritu dira Azkoitian, etxe batean izandako sutean
Trino Uria kalean piztu da sua eraikineko azken solairuan, asteleheneko ordu bata aldera. Bi lagun artatu dituzte lekuan bertan; zaurituetako batek erredurak ditu eta ospitalera eraman behar izan dute. Eraikin osoa hustu dute, eta sua kontrolpean duten arren, Azpeitia eta Eibarko suhiltzaileak lanean ari dira kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen.
EAEko farmazialariek uda baino lehen utziko diote sendagaien kupoia ebakitzeari
Osasun Saila farmazien kudeaketa-sistemak egokitzen ari da, fakturazioa sendagaien ontzietako datamatrix kodea irakurriz "egunean eta online" egin ahal izateko.
Gizon bat hil da eta lagun bat zauritu, Irungo soto batean izandako sutean
Zauritua helikopteroz eraman dute Gurutzetako Ospitalera. 13:45ean piztu da sua, Uranzu kalean, eta garrak itzaltzea lortu badute ere, suhiltzaileek hozte-lanetan jarraitzen dute.