ERRESKATEAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Mendiko erreskateak bikoiztu egin dira Gabonetatik

Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateak (UVR) 30 pertsona inguru erreskatatu ditu azken hiru asteetan. Tenperaturak goraka hasi diren honetan, elurrarekin kontuz ibiltzeko eskatu dute.
Helikoptero bat Aralarren, erreskate batean.
Helikoptero bat Aralarren, erreskate batean. UVRren bideo batetik hartutako irudia.

Covid-19ak eragindako osasun-krisiaren ondorioz mugikortasun-murrizketak ezarri zirenetik, mendiko erreskateen kopuruak % 30 egin du gora Euskal Autonomia Erkidegoan, eta azken asteotan bikoiztu egin dira larrialdi horiek. Ertzaintzaren mendiko unitateak 30 pertsona erreskatatu behar izan ditu azken asteotan.

Aire zabalean egoteko, naturaz gozatzeko, kirolen bat egiteko eta, egun hauetan, elurrarekin ondo pasatzeko gogoak arrisku-egoera gehiago sortzea eragin du, Pablo Izagirre Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko (UVR) Mendiko buruak ohartarazi duenez.

UVR taldea natur inguruetan zein lan-eremuan gertatu daitezkeen larrialdien prebentzioaz eta sortzen diren larrialdi zein erreskateez arduratzen da. Gaur egun 102 ertzainek osatzen dute taldea, hiru ataletan banatuta: aeronautika, uretako ingurunea eta mendia.

Gaur bertan, UVRk Twitterreko bere profil ofizialean jakitera eman duenez, kranpoiarekin zauritu zen pertsona bat erreskatatu dute Kolitza mendian.

Izagirrek konfinamenduaren eta erreskateen arteko lotura argia ezarri du: "Erreskate talde guztietan egiaztatu da, maila nazionalean, eta ziur Europan ere baietz. Deskonfinamenduak ondorio hau ekarri du, gizarteak muga soziokulturalen aurrean alternatibak bilatzeko beharra du, eta, ondorioz, jendeak aire pixka bat behar du".

Gainera, Gabonetako oporretan, unitate horrek egindako lana esponentzialki handitu dela azaldu du. "Hiru astetan, gutxi gorabehera, 30 pertsona lagundu dituzte 22-23 erreskatetan, batzuetan hainbat pertsona baitzeuden harrapatuta", azaldu du Izagirrek. Gorbeia "puntu beltzetako" bat izan da azken asteotan, inguruan elurra pilatu baita. Orain, tenperaturen igoerak dakarren arriskuaz ohartarazi du UVRk.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pertsona bat erietxera eraman behar izan dute Baionan gertatu den sute baten ondorioz

Sua 14:15ak inguruan piztu da garra Baiona Tipiko Kupelgileak karrikako eraikin batean. Suhiltzaileek eraikina hustu dute bertaratu orduko.  Hirugarren solairuan zegoen gizonezko bat larrialdi zerbitzuen laguntzarekin atera behar izan dute eta Baionako erietxera eraman dute kea arnastuta.  Garrak itzali badituzte ere, auzo guztiko elektrizitatea eta gasa moztu dituzte, prebentzio neurri gisa. Eraikinak kalte ugari izan ditu eta bere egoera hurrengo orduetan aztertu beharko da. Bizilagunek gaua etxetik kanpora igaroko dute. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

ELAk adierazi du CCOOko kide batzuek euskaldunen hizkuntza eskubideen aurkako kanpaina abiatu dutela

ELAk  adierazi du bat datorrela AEKrekin, Korrikaren antolatzailearekin, eta babestu egin du CCOOren zuzendaritza lasterketatik baztertzeko erabakia. ELA sindikatuak “euskararen aurka antolatutako kanpaina” baten parte izatea leporatu die CCOOko kide batzuei, eta, zentzu horretan, erabat "koherentea" iruditzen zaio Korrikan parte ez hartzen ez uzteko erabakia hartu izana.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X