Kopako finala
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Finala "etxean jokatzeko, gozatzeko eta ospatzeko" deia egin du Urkulluk

Lehendakariak gogorarazi duenez, covid-19aren kontrako "partida ez da oraindik bukatu", eta erantzukizuna eskatu die Athleticeko eta Realeko zaleei.
Iñigo Urkullu.
Iñigo Urkullu. Artxiboko irudia: EFE

Athleticeko eta Realeko zaleei erantzukizunez jokatzeko deia egin die Iñigo Urkullu lehendakariak, Errege Kopako finala "etxean eta etxekoekin jokatzeko, disfrutatzeko eta ospatzeko". "Hori izango da gure 'garaipena'", gehitu du.

Covid-19aren pandemiaren egoera "orain dela urtebete baino hobea" dela esan du Urkulluk, baina gogorarazi du "'partida hau' oraindik ez dela bukatu". Beraz, "arduratsuak" izateka eta "osasun agintarien aginduak zintzotasunez betetzeak" beharrezkoa izaten jarraitzen du.

"Kopako finala, zentzu horretan, aukera bat da. Emozioak sentitzeko, sentimenduak partekatzeko eta 'neke pandemikoaren' kontzeptuaren aurka borrokatzeko laguntzen digun ekitaldia da", idatzi du lehendakariak sare sozialetan.

Urkulluk pandemiaren urte "zail eta oso gogorraren" errepasoa egin du, osasunaren, ekonomiaren, gizartearen eta emozioen ikuspuntutik. Zentzu horretan, denbora honetan "oso aldarte sozial kritikoa" sortu da", arlo pertsonalean eta kolektiboan".

Lehendakariak kirolaren garrantzia azpimarratu du, baita hitzordu historikoarena ere, bi euskal talde finalean daudelako. Era berean, "gertaera honen mailan egotea tokatzen zaigu, eta, oraingoan, finala etxean 'jokatzea'", esan du.

"Kopa hau altxatzeko ametsaz gozatu dugu. Orain egiaren eguna heldu da. Etxean jokatu, etxean irabazi eta etxean ospatu behar dugu", azpimarratu du Urkulluk.

Zaleen erantzuna ona izango dela uste du lehendakariak. "Azken urtean utzi gaituztenak oroituta, final hau konpromiso eta elkartasun eredu bihurtzen jakingo dute", esan du. "Egunero" osasun publikoa bermatzen duten pertsonen lana goraipatzeko deia ere egin du lehendakariak, eta ziurtatu du "berandu baino lehen elkarrekin gozatzen eta ospatzen ahalko dugu berriro, zuzen-zuzenean, Euskadiko bi futbol talde hauek dagoeneko lortu duten garaipena".

"Nire nahia da, kirolaren arloan, onenak irabaz dezala, eta ospakizuna elkarrekin partekatu eta bizi ahalko dugun etorkizun baten aldeko itxaropena izatea", bukatu du.

Zure interesekoa izan daiteke

Zaldibar Argituren bilkura hondamendiaren 6. urteurrenean
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Zaldibar Argitu plataformak auziaren instrukzio fasea amaitzeko galdegin du hondamendiaren 6. urtemugan

Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak gogoan, urtero legez, ekitaldia egin du herri plataformak Eitzaga auzoan. Bildutakoek esan dutenez, "gogaituta" daude, epaitegiak 72 hilabete baitaramatza ingurumen delituak ikertzen. "Argitu dadila dena", aldarrikatu dute. Horrez gain, zabortegiaren zati bat "babesik gabe" dagoela eta bertako hondakinak "zuzenean errekara jausten" ari direla salatu dute.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Guggenheim Urdaibai proiektua "herri mugimenduak geldiarazi" duela ospatu dute Gernikan

Gernikan gaur ospatu dute Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteko abenduan hartu zen erabakia. "Herri mugimenduaren garaipena" izan dela proiektu hori geldiaraztea, eta "herritarren borrokari esker gelditu" dela ospatu dute mosaiko erraldoi bat osatuz. Argi eta ozen aldarrikatu dute "gizarte antolatua gai dela erakunde eta agintarien burugabekeriei aurre egiteko".

Gehiago ikusi
Publizitatea
X