Gizon bat atxilotu dute eta hiru adingabe ikerketapean dituzte, irakasleen kontuetara iruzur eginez sartzeagatik
Ikerketapean dauden adinez txikikoak Tuterako ikastetxe bateko ikasleak dira, eta atxilotua, berriz, Iruñean atxilotu dute.
Foruzaingoak hiru adingabe ikertu ditu Tuteran, eta gazte bat atxilotu du Iruñean, bi ikastetxetan irakasleen kontuetan iruzur eginez sartu omen direlako.
Tuterako ikastetxe bateko irakasle batek salatu zuen, zurrumurruak entzun ondotik, 20 euroren truke Batxilergoko azterketak saltzen ari zirela. Irakasleen ordenagailuak aztertu zituzten, eta keylogger gailu bat atzeman zuten agenteek, Foruzaingoak jakinarazi duenez.
Gailu horiek teklatuaren pultsazioak erregistratzen dituzte, eta aukera ematen dute irakasleen erabiltzailearen izenak eta pasahitzak lortzeko, Educa, Google eta Drive plataformetara sartzeko eta azterketak deskargatzeko. Ikerketaren ondorioz, zentroko hiru adingabe inputatu dituzte, sekretuak ezagutzera emateagatik.
Iruñean, berriz, 19 urteko gazte bat atxilotu dute; irakasle baten Google Drive kontuan sartu omen zen, iruzur eginez, eta azterketak deskargatu omen zituen. Zuzendaritza-taldeak horren berri jakin zuen, eta berehala eman zioten abisua Foruzaingoari. Akusatuak gertaerak onartu bazituen ere, ez zuen deskargatutako informazioa erabili.
Poliziak gogorarazi du inoren datuak bidegabe eskuratzea edo zabaltzea sekretuak ezagutaraztearen delituaren barruan sartzen dela, eta gisa horretako informazioa iruzur eginez eskuratzea delitua dela.