Metak 375 milioi dolarreko isuna ordaindu beharko du, haurren esplotazioagatik eta erabiltzaileen segurtasuna urratzeagatik
Mexiko Berriko fiskalaren arabera, enpresak adingabeengana heltzeko ia mugarik gabeko sarbidea ematen zien “harrapari sexualei”, eta horri esker biktimekin harremanetan jartzen ziren.
Mark Zuckerberg, Meta enpresaren CEOa. Argazkia: Europa Press
Meta Platforms enpresak legea urratu zuela ebatzi du Mexiko Berria Estatuko epaimahai batek astearte honetan. Ebazpenean jaso dutenez, erabiltzaileak engainatu zituen Facebook, Instagram eta WhatsApp plataformen segurtasunaren inguruan eta, horrekin batera, plataforma horietan haurren sexu-esplotazioa ahalbidetu zuen, epaimahaiaren arabera.
Estatuko fiskal nagusiak aurkeztu zuen demanda, eta epaimahaiak ondorioztatu du Metak Mexiko Berriko kontsumitzaileen babeserako legea urratu zuela; ondorioz, 375 milioi dolarreko isunak ordaintzera kondenatu du.
“Errespetuz, ez gatoz bat epaiarekin, eta helegitea aurkeztuko dugu. Gure plataformetan erabiltzaileak seguru ibil daitezen lanean jarraitzen dugu”, adierazi du Metaren bozeramaile batek, ohar batean.
Epaiak sei asteko epaiketari amaiera eman dio, eta sare sozialen enpresaren aurkako akusazio horiei buruzko lehen epaimahaiaren ebazpena da.
Demokraten inguruan lerratu izan den Raul Torrez fiskal nagusia egon da demandaren atzean. Salatu zuenez, enpresak adingabeengana heltzeko ia mugarik gabeko sarbidea ematen zien “harrapari sexualei”. Horrek biktimak identifikatu eta haiekin harremanetan jartzea ahalbidetzen zuen, eta, askotan, abusu fisikoak eta pertsonen trafikoa eragiten zituen.