Nola ulertu eta interpretatu covidari buruzko datuak?
Etengabea da covid-19ari buruzko informazio jarioa. Egunero jasotzen ditugu datuak, handik eta hemendik, eta unean uneko argazkia, momentuan bertan, datuekin ateratzeko premia sortu da gizartean. Intzidentzia tasa, positibo kopurua, ospitaleratzeak, birsorkuntza adierazlea … Hedabideetako izenburuetan irakurtzen ditugun hitzok hitzetik hortzera darabilzkigu.
Olatu berri bat irudikatu dute datuok grafikoetan. Baina, nola interpretatu zenbakiok egungo agertokian? Duela urtebeteko grafikoetako arrastoekin alderatuta, zer aldatu da? Non jarri behar dugu begirada? Ana Galarraga Aiestaran (Zarautz, Gipuzkoa, 1970) Elhuyar Fundazioko zientzia-komunikatzailearengana jo dugu erantzun bila.
Txertatu aurreko eta ondorengo agertokiak oso ezberdinak izanda ere, lehen eta orain, datuak ondo ulertzeko gakoak bi direla nabarmendu du: kalitatezko datuak eta komunikazio egokia. Biak falta dira askotan, Galarragaren hitzetan.
· Herritarren hamarretik ia bederatzi txertatuta dago, eta halere, kutsatze katea eten ezinda. Zer ari da gertatzen?
Beste alderdi batzuetan bezala, txertaketarekin komunikazio-akatsa egon dela iruditzen zait. Izan ere, txertaketa hasi zenean, helburutzat jarri zen 18 urtetik gorako % 70 txertatuta egotea, eta talde-immunitatearekin lotu zen.
Talde-immunitatea lortzeko esan nahi du txertatuta daudenek hesi-lana egiten dutela eta birusari bere bidea mozteko gai direla. Eta hori ezinezkoa da birus honekin eta txerto hauekin. Izan ere, batetik, birus hau oso erraz transmititzen da, eta zaila da neurriak zorroztasunez betetzea. Eta, bestetik, ditugun txertoak ez dira esterilizatzaileak; hau da, ez dute eragozten infektatzea. Oso eraginkorrak dira gaixotasun larria garatzearekiko, eta horretarako diseinatu ziren. Baina hasieratik zen jakina ez zutela transmisioa eteteko gai. Hala ere, neurri handi batean, hori ere egiten dute: infektatzea zailtzen dute, eta infektatu den pertsonak, txertatuta badago, azkarrago gainditzen du infekzioa, eta, beraz, ez du txertatu gabe egongo balitz bezainbeste kutsatzen.
Zein da diferentzia azken kasu horretan? Bada, txertatu gabeko bat infektatu baten kontaktu zuzena bada, isolatu egin behar dela. Txertatuta badago, ordea, ez beti. Eta, horrela, birusari transmititzeko aukera ematen zio.
· Intzidentzia tasa, birsorkuntza tasa, ospitaleratzeak … Aurreko olatuekin alderatuta, non jarri beharko genuke orain begirada eta nola interpretatu behar ditugu datuak?
Lehen ere, neurriak ezartzeko garaian, intzidentzia ez ezik, beste bi aldagai hartzen ziren kontuan: erietxeak eta ZIUak. Orain, txertaketarekin, erlazioa ez da hain zuzena, baina jarraitzen du, zentzu batean, antzekoa izaten: intzidentzia asko igotzen bada, birus gehiago daude zirkulatzen, eta, beraz, arrisku handiagoa dago pertsona zaurgarriengana iristeko. Horiek dira gero (10 egun ondoren, gutxi gorabehera) erietxeetara eta ZIUetara iritsiko direnak.
Hortaz, intzidentziak jarraitzen du adierazle bat izaten, eta, igotzen bada, komeni da neurriak hartzea, baina agian ez populazio osorako, baizik eta talde zaurgarri horiek babesteko.
Datuak ondo interpretatzeko, lehenik, kalitatezko datuak eduki behar dira. Eta ez ditugu. Intzidentzia ezagutzeko, adibidez, ezinbestekoa da testak kontaktu guztiei egitea, garaiz, eta begi bistakoa da ez dagoela nahikoa aztarnari. Nolanahi ere, eta iazkoarekin alderatzeko, nire ustez daturik esanguratsuena ospitaleratuen tasa da (ospitaleratuak/infektatuak). Hor nabarmen geratzen da txertoaren eragina. Horregatik da garrantzitsua, baita ere, ospitaleratuen eta ZIUetan daudenetatik ere adieraztea zenbat dauden txertatuta eta zenbat ez, adin-tarte horretan txertatuta daudenekiko. Irudi hau oso adierazgarria da:
Izan ere, bagenekien, txertaketa orokortutakoan, SARS-CoV-2aren infekzioaren ondorioz ospitaleratutako gehienak txertoa jasotako pertsonak izango zirela eta direla. Horrek ez du zalantzan jartzen txertoen eraginkortasuna. Gainera, 3. dosia oso eraginkorra izaten ari da zaurgarrienak babesteko.
· Hirugarren munduko herrialdeetan txertaketa maila oso baxuak dituztenean, haurren artean txertaketa zabaltzeak zentzurik ez duen ustea zabalduta dago.
Nire ustez, dikotomia hori faltsua da. Hau da, guk txertatzeari uko egiteak ez du ekarriko herrialde pobretuetara bideratzea txertoak. Horretarako, beste maila bateko hitzarmenak eta estrategiak sendotu beharko lirateke, COVAX egitasmoa, adibidez. Baina egia da lehentasuna horrek izen beharko lukeela, arrazoi etikoengatik eta epidemiologikoengatik.
Eta, gurean ere, haurrak txertatzeak baino lehentasun handiagoa izan beharko luke txertatu gabe dauden horiek txertatzea. Txertatu gabekoen ehunekorik handiena 30-40 urteko tartean daude. Harreman sozial asko dituzte, haurrekin eta nagusiekin ere egoten dira, eta mugikortasun handia dute. Gako dira, beraz, transmisioan. Hor jarri beharko litzateke indarra.
Azkenik, haurrei, norbanakoaren ikuspegitik, ez die mesederik ekarriko, bestela ere birusak ez baitie kalterik egiten. Baina bizimodu arrunta egiten lagunduko die: eskola, jolasa, kirola... eta hori bereziki garrantzitsua da egoera sozioekonomiko eskasean daudenentzat, baliabide gutxiago baitituzte, eta, jarduera horiek bertan behera geratzen badira, kalte handiagoa jasaten dute. Eta epidemiologikoki birusaren transmisioa eteten laguntzen du.
· Covid ziurtagiria: prebentziorako, neurri eraginkorra al da?
Horrekin ere, haurren txertoekin gertatzen denaren antzekoa da. Pasaporteak lagundu dezake, baina, aurretik, badaude beste neurri batzuk, eraginkorragoak eta aplikatzen ez direnak. Adibidez, aireztapena zaintzea, CO2 neurgailuak jartzea eta haien araberako protokoloak ezartzea, HEPA iragazkiak jartzea; garraio publikoa indartzea; garaiz isolatzea bermatzea, kontaktuen jarraipen azkar eta osatu batekin; laguntzak ematea lan-egoeragatik isolatzeak albo-ondorioak ekarriko dizkienei; maskara derrigortzea barruetan eta doan eskaintzea; testak bultzatzea leku itxi eta kontrolatuetan (eskolak, unibertsitateak, lantokiak, gimnasioak, aretoak...)
Bestela, bai, leku itxi batean dauden guztiak txertatuta daudela bermatzeak ematen du ziurtasun puntu bat, baina gehiegi erlaxatzea ere ekar dezake.
· Egungo agertokian, zeintzuk dira kutsatzeak eteteko neurri eraginkorrenak?
Ez dira asko aldatu, egia esan. Argi dago jende-pilaketak saihestu behar direla, eta talde txikietan eta ezagunetan biltzea seguruagoa dela. Horrekin batera, aerosoloen bidez transmititzen denez, maskara beharrezkoa da leku itxietan. Kanpoan eta bakarka, ez dago arriskurik. Eta txertoa hartzea, noski, ezinbestekoa da.
· Omikron aldaera: sortu den alerta maila neurrikoa al da? Merkatuan dauden txertoak eraginkorrak al dira aldaera berri horren aurrean?
Oraindik ikertzen ari dira jakiteko ea dituen mutazioek zer eragin duten transmisioan, sintometan, tratamenduen eraginkortasunean eta txertoen babesean.
Komunikatiboki eta politikoki, ez dut uste modu egokian tratatu denik. Zurrumurruak pentsamendu zientifikoaren kontrakoak dira; hau da, ebidentziarik gabe, ezin da ezer esan. Eta kontuan izan behar da errazagoa dela gezur bat sinestaraztea, sinetsi ondoren hura ezeztatzea baino. Politikoki, ez da bidezkoa Afrikako hegoaldeko herrialdeei ateak ixtea, haiek beren lana egin baitute (detektatu eta jakinarazi), eta, gainera, jakin dugu ordurako Europan bazebilela. Erabaki horrek ere ez du, beraz, oinarri zientifikorik.
· Talde immunitatea, gaur egun, zeri deitu diezaiokegu?
Mezua hau izan behar da: zenbat eta jende gehiago egon txertatuta, orduan eta babestuago egongo dira zaurgarrienak. Izan ere, ez dago % 100 eraginkorra den botikarik, ezta txertorik ere. Horrekin batera, intzidentzia baxu mantentzeko ahalegina egin behar da, birusak mutatzea galarazteko eta pertsona zaurgarriengana ez iristeko.
Birus honek denoi eragiten digu, baina ez neurri berean: baldintzatzaile sozioekonomikoek (adina, errenta, etxebizitza, egoera migrantea, generoa, lanbidea, etnia...) sekulako eragina dute, eta sortzen ari diren arrakalak ixteko politikak eta praktikak bultzatu eta eskatu beharko genituzke. Norberak bere buruan bakarrik pentsatu beharrean, komunitatean pentsatu eta jardun beharko genuke. Bestela, krisi honek zauri sendaezinak utziko ditu. Eta etorriko dira gehiago. Horregatik da hain garrantzitsua Osasun Bakarra estrategia (One Health): gure osasuna zaintzeko, ingurumenarena eta animaliena ere zaindu behar dugu.
Zure interesekoa izan daiteke
Auto-ilara luzeak Txorierri errepidean, Asua parean bederatzi autoren artean izandako talka baten ondorioz
Istripuaren ondorioz, bideko lau erreietatik hiru itxi behar izan dituzte puntako orduan, eta auto-ilara luzeak sortu dira inguruan: Artatzan, Arrontegin, Barakaldon eta Gurutzetan. Arazoak daude, halaber, A8an, San Mames parean izandako istripu baten ondorioz Kantabriarantz, eta trafiko astunagatik Gipuzkoako noranzkoan.
Luiziek zirkulazioa korapilatu dute N-634 eta NA-1300 errepideetan
Azken orduotako euriteek lur-jausiak eragin dituzte errepide sareko hainbat puntutan. Aipatu bi errepideak irekita daude dagoeneko, zirkulazioa txandaka bideratuta.
Gizon bat atxilotu dute Pedreñan bikotekidea hiltzea egotzita
Atxilotuak ez zuen horren salaketarik jarrita, baina aurrekariak zituen beste emakume batzuek salatutako indarkeria kasuengatik.
'Aita Mari' ontziak 32 pertsona erreskatatu ditu Mediterraneoan, bi egun noraezean zeramatzatela
Mediterraneo erdialdeko uretan topatu dute ontzia, migratzailez gainezka, "oso baldintza eskasetan". Bi egun zeramatzaten itsasoan noraezean. Erreskatatutako pertsonen artean bederatzi adingabe eta haurdun dagoen emakume bat daude.
21 urteko neska batek hankak apurtu ditu Tuteran, igogailu batean harrapatuta geratu baita
Istripua bart gertatu da, Albares kaleko eraikin bateko igogailuan. Dirudienez, emakume batek zeraman aulkitxo baten uhala igogailuaren atean trabatu da, eta hankak harrapatu dizkio. Suhiltzaileek askatu ostean, anbulantziaz eraman behar izan dute ospitalera.
Txurdinaga Behekoa Institutuko ikasle eta gurasoek Batxilergo Artistikoa ez kentzeko eskatu diote Hezkuntza Sailari
Begoña Pedrosak zuzentzen duen Hezkuntza Sailak adierazi du batxilergo hori ikasteko aukera bermatzen dela ikasleak Ibarrekolanda eta Bertendonako ikastetxeetan banatuta. Manifestarien esanetan, hezkuntza publikoaren aurkako beste eraso bat da, eta, hori dela eta, elkarrizketarako deia egin diote Eusko Jaurlaritzari.
Martxoaren 1ean Valtierran izandako zirkulazio-istripuan zauritutako 28 urteko neska hil egin da
Ezbeharra 01:19an gertatu zen, N-121 errepideko 72,28 kilometroan, Los Abetos jatetxearen bidegurutzean, bi gazte zihoazen autoa bidetik atera eta ezponda baten aurka talka egin zuenean. 20 urteko beste gazte bat ere zauritu zen ezbeharrean.
Santanderko istripua jazo aurretik 112ra deitu zuen gizona: "Behar bezala jardun izan balitz, ezbeharra saihestuko zen"
Zubiaren egoeraz ohartarazi zuen Santanderko bizilagunaren ustez, tragedia saihestuko zen deia jaso ostean jardun izan balitz. Instrukzioa egiten ari den epaileak zubiaren egoera aztertzeko eskatu dio peritu bati.
Ekialde Hurbileko gerraren aurka protesta egin dute Bilbon, eta Gaza ez ahazteko eskatu dute
PararLaGuerra.es herri plataformak protesta egin du gaur Bilbon, bakea eskatzeko, AEBk eta Israelek Iranen aurka hasitako erasoaldia indarrean denean. Halaber, babesa adierazi diote Palestinari.
Bidean da jada Sahararen aldeko elkartasun karabana
Oinarrizko produktuak daramatzan elkartasun karabana goizean abiatu da Donostiatik Saharara. 50 tona produktu eramango dituzte kamioiek. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Lagunen Elkarteak eskerrak eman dizkie bilketan parte hartu duten guztiei.