Amurriotik Donostiara, hankei eragiten eta hitzez ekiten
Hemen da Korrikaren 22. edizioa. Martxoaren 31n abiatuko da euskararen aldeko lasterketa Amurriotik, aurreko edizioa bukatu zen herrialde beretik, ohi bezala. 16:30ean hasiko dira euskaltzaleak hankei eragiten, Korrikaren amaieran irakurriko den mezua lekuko barruan sartu ondoren.
Amurrioko AEK euskaltegiko sei irakasleek egingo dute Korrikaren lehen kilometroa, eta, tipi-tapa, hamaika egunez gelditu gabe jarraituko du lasterketak, "HitzEkin" lelopean aurtengoan. Hizperri horren bidez, "euskaldun proaktiboen" beharra azpimarratu nahi dute antolatzaileek, "konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egin behar baita".
Ibilbideari dagokionez, lehenengo arratsalde-iluntzeetan Aiaraldean eta Enkarterrin ibiliko da lekukoa, eskuz esku, eta apirileko lehenengo egunekin batera sartuko da Hego Uribera, Arrankudiagan barrena, hain zuzen.
Apirilaren 1ean bertan iritsiko da lehenengo euskal hiriburura Korrika, 17:00etan sartuko baita Gasteizera. Biharamunean, apirilaren 2an, Iruñean izango da; apirilaren 4an, Donibane Garazi eta Maule zapalduko ditu; apirilaren 6an, Bilbo; apirilaren 9an, azken-aurreko etapan, Baiona; eta apirilaren 10ean, Añorgatik sartuko da Korrika Donostiara, 07:30 aldera.
Mezuaren irakurketa eta amaierako jai handiaren hasiera 12:30erako aurreikusita dago, Donostiako Boulevarden.
"Ika, ika, ika, hemen dator Korrika!" eta "Tipi-tapa, tipi-tapa, Korrika!" oihu artean, etengabe entzungo da "HitzEkin" Nerea Urbizuk aurtengo ediziorako konposatutako kantua, Sustrai Colinak hitzez jantzitakoa.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda