Nola saihestu ditzaket lapurretak nire etxebizitzan Aste Santuan?
Ostegun honetan hasiko da Aste Santua, eta, aurreikuspenen arabera, urtero legez, jende asko oporretan joango da. Ondorioz, ohiko etxebizitza asko hutsik geratuko dira, eta lapurretak gertatzeko arriskua handitu egingo da. Ertzaintzak eta udaltzaingoek prebentziorako neurriak hartzeko deia egin diete herritarrei, ezustekoak saiheste aldera. Hauek dira etxebizitzetan lapurtzea saihesteko eskaini dituzten gomendioak:
1. Ez fidatu auzokideen elkarteetara hurbiltzen diren eta etxebizitzei buruzko informazioa lortzen saiatzen direnekin.
2. Markatzaile edo elementu arrarorik hautematez gero, Ertzaintzari edo Udaltzaingoari jakinarazi behar eta ez ezer ukitu.
3. Ertzaintzak herritarren laguntza eskatzen du, eta etxeetan edo etxebizitzetan bizilagunen mugimenduak kontrolatzen aritu daitezkeen ibilgailu edo pertsona susmagarriak ikusiz gero, 112ra dei dezatela eskatzen dute.
4. Etxeko sarrerako atea giltzaz itxi dela ziurtatu behar da beti, baita barruan gaudenean ere, eta, batez ere, gauez. Ateko giltzari eman buelta beti, etxetik kanpo minutu gutxi batzuk eman behar badituzu ere.
5. Ahalegindu beti etxean norbait dagoela aditzera ematen.
6. Norberaren eta komunitateko segurtasun-sistemak mantendu eta zaindu. Komeni da halakoak instalatzea, hala nola, bumpingaren kontrako sarrailak (giltza berezia erabiltzen dute) edo ateak haustea eragozteko segurtasun-ezkutuak.
7. Obrak direla-eta etxebizitzaren aurrealdean aldamiorik badago, ondo itxi leihoak eta pertsianak. Txaletetan eta beheko solairuetako etxeetan, berriz, komeni da burdin-hesiak jartzea erraz iristeko moduko leihoetan.
8. Lapurreta egiten badizute, ez ukitu ezer, ez jarri gauzak bere lekuan, eta deitu berehala Ertzaintzara.
9. Etxe barruan lapurrak aurkituz gero, ahal dela ez aurre egin. Gero, deitu berehala 112ra.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda