Donostiako Aste Nagusiko 'puntu morea' Boulevarreko prentsa kioskoan izango da
Donostiako Udalak eraso matxistei aurre egiteko protokoloa aurkeztu du hastear den Aste Nagusiari begira, eta, aurten, "puntu morea" Boulevard Zumardiko kioskoan izango da.
Aurtengo protokoloa Mugimendu Feministekin eta Donostiako Piraten kolektiboarekin batera egin du Udalak, eta, bertan jasota dagoenez, Boulevardeko prentsa kiosko zaharra "puntu more" modura irekiko dute. Hortaz, emakume batek erasoren bat pairatzen badu, horra jo beharko du.
Aste Nagusian, Zurriolako hondartza izaten da puntu beltzetako bat, hori dela eta, argiztapen berezia izango du, lau argi-dorre jarriko baitira.
Bestelakoan, protokoloa etxebizitzetan eta tabernetan banatuko, eta gazteen artean 10.000 liburuxka zabalduko dituzte, harreman toxikoak saihestu eta erasoei nola aurre egin jakinarazteko.
Ane Oyarbide Berdintasuneko zinegotziak adierazi duenez, "Udalak indarkeria sexistaren kontra sentsibilizatu nahi ditu donostiarrak; izan ere, desberdintasunak eragindako arazo sozial bat da indarkeria, eta, horregatik, erantzunak ere soziala izan behar du. Guztioi dagokigu errespetuzko, berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko jarrera bat sustatzea."
Aste Nagusian, bi hezitzaile ibiliko dira gazteak dauden tokietan horiek sentsibilizatzeko.
Informazio eta material guztia webgune honetan aurki daiteke: ezezetzda.eus
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda