Girondako eta Landetako sutea egonkortuta dago, baina ez itzalita
Frantziako Gironda eta Landak departamenduetako sutea "egonkortuta" dago larunbat honetan, baina oraindik ez dute erabat itzali, agintariek adierazi dutenez. Guztira, 7.400 hektarea kiskali ditu.
"Gaua ona izan da, ez da aldaketarik izan sutearen bilakaeran. Egoera egonkorrean gaude, oraingoz", zehaztu du, prentsaurrekoan, Stephanie Martin komandanteak. Bera da Departamenduko Sute eta Laguntza Zerbitzuko komunikazio-arduraduna.
Frantziako hego-mendebaldean 20.000 hektareatik gora erre ziren uztailean izandako sute handietan, eta orain, abuztuan, berriro ere egoera horretan daude. Azken sute hau hilaren 9an piztu zen, eta 10.000 bat lagun atera behar izan dituzte etxetik; garrek hainbat etxe suntsitu dituzte.
Ekaitza, larunbat gauerako
Frantziako hego-mendebaldean, ekaitza iragarri dute larunbat gauerako. Agintariek espero dute horrek laguntza ematea, sua itzaltzeko; hori bai, azkenean euririk ez badu egiten, eta soilik haizeak joko balu, egoerak okerrera egin lezake: Badakigu ekaitz honek haizea ekarriko duela", ohartarazi du Martinek.
Frantziak nazioarteko laguntza eskatu du sute honi aurre egite aldera; izan ere, uda honetan hainbat sute handi eta zenbait bero-bolada izan dira herrialdean. Austriak, Poloniak, Alemaniak, Greziak eta Errumaniak laguntza hori eman dute. Oraingoz, ez dago aurreikusita sutearen aurka dabilen ekipoa txikiagoa izatea.
Bero-boladak bere horretan jarraituko du larunbat honetan Frantziako zati handi batean; tenperaturak 30 gradutik gorakoak dira, leku askotan.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda