Cabezudoren auzia Youtubeko irudiak ez kentzeagatik instrukziora itzuliko da
Kote Cabezudoren aurkako auzia, ustez Youtubeko kanaletik adingabe baten irudiak kentzeko agindu judiziala desobeditzeagatik, instrukzio-epaitegira itzuliko da, gaur argazkilariaren kontrako epaiketa laugarren aldiz eten ostean.
Auziko iturriek jakitera eman dutenez, gaur goizean Donostiako Zigor Arloko Epaitegi batean izan da saioa; ateak itxita eta normaltasun osoz egin dute, harik eta aldeen behin betiko ondorioak aurkeztu arte.
Puntu horretan, amaieratik oso gertu, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak, behin betiko bihurtu dituzte euren ondorioak, baina Cabezudoren abokatuak horiek aldatzea erabaki du, eta behin-behineko defentsaren idatzia luzatzea erabaki du.
Iturriek deskribatu dutenaren arabera, hori ezinezkoa izan da, ez baitzegoen defentsa idatzirik. Hori dela eta, abokatuak etenaldi bat eskatu du, eta, hori amaitzean, zantzu nahikoak ekarri ditu, agiria behar bezala aurkeztu zuela egiaztatzeko, eta, ondorioz, auzia baliogabetzeko eskatu du.
Egoera horren aurrean, magistratuak gaia instrukzio-epaitegira itzultzea erabaki du, defentsaren idatzia aurkezteko unera hain zuzen ere. Horren ondoren, auziak jarraituko du beste ahozko epaiketa baterako data ezarri arte.
Auzia atzeratzen den laugarren aldia da. Lehenengoa 2021eko martxoan izan zen, defentsak auzi nagusiaren dokumentu bat eransteko eskatu ondoren; bigarrena, urte hartako urrian, oporrak medio, aditu bat ez zegoelako; eta hirugarrena 2022ko martxoan, Gipuzkoako Auzitegian Cabezudoren aurkako auzi nagusiaren epaiketa egiten ari zirelako.
Hain zuzen ere, auzi horretan 28 urtetik gorako zigorra ezarri zioten bortxaketa, sexu abusu, haur pornografiako sei eta iruzurreko bi delitu egotzita.
Egun, argazkilaria espetxean dago, auzi nagusitik bereizitako garrantzi txikiagoko hainbat konturengatik. Erabaki horren aurka Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztu zuten defentsak eta akusazio partikularrak (biktimak). Fiskaltzak, ostera, ez du errekurtsorik jarri.
Gaur eten duten saioa auzi nagusitik at dauden kausa txikiago horietako bati dagokio.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda