Gizonezko bat atxilotu dute Algortako jaietan adin txikiko bati sexu erasoa egitea egotzita
17 urteko emakume batek sexu-erasoa salatu zuen atzo Algortako (Bizkaia) jaietan. Ertzaintzak baieztatu duenez, ustezko erasotzailea atxilotuta dago eta ondorengo orduotan eramango dute epailearen aurrera deklaratzera.
Atzo goizean, 07:00ak inguruan, izan zen erasoa, eta handik gutxira izan zen atxiloketa. Gertatutakoa ikertzen ari da Segurtasun Saila.
Algortako Mugimendu Feministak erasoa salatzeko elkarretaratze bat deitu du asteartean, abuztuak 1, 19:00etan.
Getxon astebetean izan den bigarren sexu-erasoa da. Joan den asteartean, Aixerrotako paella festan beste emakume batek ere sexu-erasoa salatu zuen. 26 urteko gizonezko bat atxilotu zuten eraso horrekin zerikusia zuelakoan, eta epailearen aurrean deklaratu ostean, aske geratu zen.