Juan Maria Uriarteren izaera eta ondarea goraipatu dute euskal agintariek hil-kaperara egindako bisitan
Iñigo Urkullu lehendakaria eta Amaia Arregi Bilboko jarduneko alkatea izan dira Juan Maria Uriarte gotzain emerituaren hil-kaperara joan diren lehen agintariak. Horiekin batera, ehunka fededun, ordezkari politiko zein herritar joan dira Bilboko Begoñako Gogarte Etxera Uriarteri azken agurra ematera. Hil-kapera asteleheneko 15:30era arte egongo da zabalik.
Uriarte "gizon leiala eta Elizari eta bere Ebanjelioari emana" izan zela nabarmendu du Urkulluk, eta horren guztiaren ondorioz, "bake-gizona" izan zela. "Euskal Eliza herriaren eta herritarren beharretara jarritako Eliza izatea" bultzatu zuela ere esan du, "arazo sozialetatik gertukoa".
Era berean, "euskal kulturaren sustatzaile gisa eta euskal kulturaren garapenean zein Euskadin bakean bizi ahal izateko Elizaren inplikazioa bultzatu zuen", nabarmendu du. Ildo horretan, "elkarrizketaren alde" egindako lana eta "bizikidetza normalizatu ahal izateko haziak ereiten hartutako konpromisoa" goraipatu ditu lehendakariak.
Bilboko jarduneko alkate Amaia Arregi ere ildo beretik mintzatu da. Uriarte "oso pertsona ona" izan zela adierazi du, "beti besteengan pentsatzen zuena eta norbanakoei eta Euskadiri lagundu ziena".
"Herriari hobea izaten lagundu zion, garai zail haietan, bere alea jarriz. Beti geratuko zaigu bere ondarea; badugu non begiratu, eta ea zerbaitetan haren antza hartzen dugun", gaineratu du.
Bi hileta, bata Bilbon eta bestea Donostian
Astelehenean, 17:00etan, ospatuko da Juan Maria Uriarteren aldeko hileta-elizkizuna Begoñako Andre Mariaren Basilikan, gotzain ordenatu zen lekuan, bere azken nahietan idatziz adierazita utzi zuena betez.
Gaur egun Bilboko gotzaina den Joseba Segurak gidatuko du elizkizuna, eta meza amaitutakoan, Fruizera eramango dute gorpua, familia-panteoian atseden har dezan. Heriotzaren berri izan berritan ETBri emandako adierazpenetan, "Uriartek desberdinekin konektatzeko zuen gaitasuna" nabarmendu zuen Segurak.
Hurrengo egunean, otsailaren 20an, Donostian, Artzain Onaren Katedralean egingo dute haren aldeko meza, 19:00etan, Fernando Prado Ayuso Donostiako egungo gotzaina buru dela. Horrek ere Uriartek berarengan izan zuen eragina azpimarratu zuen atzo: "Barruko bizitza eta etengabeko otoitza zaintzearen garrantzia erakutsi zidan, apaiz ororen bizitzan beharrezkoena dena. Apezpiku zela, bere gomendio bakarra izan zen denak beti maitatzea, zirkunstantzia kaltegarri guztietatik harago".
Uriarteren ibilbidea
Larunbatean hil da Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emeritua, Basurtuko Unibertsitate Ospitalean, 90 urterekin, senide eta gertukoak ondoan zituela.
1933ko ekainaren 7an Fruizen (Bizkaia) jaioa, Teologia eta Psikologia ikasketak egin zituen, eta Eliza katolikoaren hierarkian zenbait postutan aritu eta gero (Bilboko gotzain laguntzailea izan zen 1976 eta 1991 bitartean, eta Zamorako gotzain, 1991 eta 2000 bitartean), Donostiako gotzain izendatu zuten 2000. urtean, Jose Maria Setien ordezkatuz, eta 2009ra arte izan zuen ardura hori, Benedikto XVI.ak adinagatik uko egitea onartu zion arte.
Espainiako Gotzainen Biltzarrean, Kleroaren Gotzainen Batzordeko presidentea izan zen 1993 eta 1999 artean, eta hainbat liburu idatzi zituen, hauek tartean: Ministerio presbiteral y espiritualidad (Idatz, 2000), Ser sacerdote en la cultura actual (Sal Terrae, 2000), Una espiritualidad sacerdotal para nuestro tiempo (Sal Terrae, 2011). Seguidores y Servidores de la Palabra de Dios (Idatz), La reconciliación (Sal Terrae, 2013), El celibato (Sal Terrae, 2014) eta Sexo y género a debate (Mensajero, 2023).
Bere pastoral ministerio zabalean, bi arlotan egindako ahaleginengatik nabarmendu zen gehien: apaizen arretagatik eta Euskal Herrian bakegintzan egindako ahaleginengatik.
Uriartek bakearen alde zuen "konpromisoa" nabarmen geratu da behin eta berriro. 1998ko su-etenean, Jose Maria Aznarrek bitartekari hautatu zuen ETAk eta Espainiako Gobernuak Suitzan 1999ko maiatzean egindako bileran. Kritika asko jaso zituen orduan, eta "distantziakide" izatea ere egotzi zioten zenbaitzuk.
Zeregin horietan jarraitu zuen, eta zerikusia izan zuen, besteak beste, su-eten iraunkorra ekarri zuten PSE-EEren eta Batasunaren arteko elkarrizketetan.
2007an, bestalde, Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuarekin hitz egin zuen Iñaki de Juana Chaos ETAko presoari zigorra arintzeko helburuarekin.
2012an, Rafa Diez Usabiaga LABeko buruzagi ohia bisitatu zuen kartzelan. Handik bi urtera, Sabino Arana Fundazioaren saria jaso zuenean, armak uzteko eskatu zion ETAri, eta Espainiako Gobernuari, "espetxe politika leuntzea, prozesua ustel ez zedin".
Radio Euskadiko "Ganbara" saioari 2022ko martxoan eman zion elkarrizketan, Uriartek adierazi zuen ETAk armak utzi zituenetik igarotako denbora ez zela nahikoa euskal gatazka bukatutzat emateko. "Belaunaldiak igaro behar dira horrelako gatazkak ixteko. Adituen ustez, 10 urte ez dira nahikoa bizitako drama gainditzeko", esan zuen. "Armak isildu dira, baina adiskidetzea armen bakea baino askoz haratago doa"; izan ere, "memoria, egia, justizia, elkarrizketa eta barkamena" eskatzen ditu.
Hainbat ordezkari politikok eta ETAren biktimak Uriarteren figura goraipatu eta aitortu dute haren heriotzaren berri izan bezain pronto, sare sozialetan argitaratutako mezuetan.
Zure interesekoa izan daiteke
Donostiako Apezpikutzak basilika batean grabatutako Tokischa rap-abeslariaren bideoa kentzeko eskatu du
Gotzaindegiak "sakonki deitoratzen du espazio sakratu baten erabilera desegokia", eta "oihartzun erraldoia" izan duen edukia grabatzeko baimenik ez zuela eman azpimarratu du.
Apirilak 8, Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna Euskal Herrian
Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna ospatzeko, urtero hainbat ekimen eta elkateratze egiten dira Euskal Herriko zenbait herritan. Bilboko Otxarkoaga auzoan, EAEko lehen hiri-bankua estreinatu dute bandera erromaniarra margotuta.
Espetxera bidali dute Berrizen emaztea labankadaz larri zauritzeagatik atxilotutako gizona
Biktimak, 38 urteko emakumeak, zainketa intentsiboetako unitatean jarraitzen du. Arma zuriz eraso egin zion bikotekideak, familiak duen etxebizitzan bertan, eta lau seme-alaben aurrean. Emakumea Gurutzetako Ospitalera eraman zuten zauri larriekin, helikopteroz. Halaber, biktimaren alabetako bat, 15 urteko adingabea, arin zauritu zuen aitak.
HaurSare sortu da, haurren gaitz kroniko konplexuak eta zainketa aringarriak artatzeko Osakidetzaren sare integrala
Helburua da errealitate horri erantzun ordenatuagoa, bidezkoagoa eta eraginkorragoa ematea, gaixotasunaren faseetara eta adingabeen kasuan kasuko konplexutasun mailara egokituko den "etengabeko asistentzia" batekin. Horretarako, pediatrek, pediatriako erizain espezialistek, gizarte langileek eta psikologoek osatutako diziplina anitzeko taldeak egongo dira, eta 24/7 laguntza eskainiko dute.
Realzaleak beldur dira, ez ote dituzten hegaldiak atzeratuko edo bertan behera utziko, Sevillako aire kontrolatzaileen greba dela eta
Kopako finalerako 10 egun falta direnean, Saerco enpresako langileen grebak Andaluziako hiribururako hegaldiak arriskuan jarri ditu. Txuri-urdinen jarraitzaileek eta aldez aurretik planifikatu beharko dute bidaia, atzerapen eta gorabehera posibleak kontuan hartuta.
Gizon bat atxilotu dute Donostian, emakume bati sexu-erasoa egitea leporatuta
Atxilotuak 33 ditu eta, egozten zaionaren arabera, emakumea indarrez eraman zuen parking bateko sarrerara. Han, immobilizatzea lortu eta erasoa egin zion.
Adamuzko istripuaren gaineko Guardia Zibilaren azken txostenak dio istripuaren bezperan hautsi zela burdinbidea
Montoroko epategian egindako ikerketaren arabera, inguruko argindar-sistemako tentsioak behera egin zuen, baina ez zenez gutxieneko atalasea baino baxuagoa izan, ez zen alarmarik sortu.
Espainiako Gobernuak maiatzean onartuko du 16 urtetik beherakoek sare sozialak izatea debekatzeko legea
Sare sozialetan sartzeko gutxieneko adina eta sare sozialen edukietan ateratzeko gutxieneko adina 16 urtera igoko da.
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, bizikletako giltzarrapoarekin laguntza eskatu eta urruntze-agindu bat urratzea egotzita
Gasteizko Udaltzaingoak 25 urteko gizon bat atxilotu du, bizikletaren giltzarrapoa irekitzen laguntzera joan zaizkion agenteak urruntzeko agindu judizial bat urratu duela ohartu direnean.
Bost pertsona atxilotu dituzte Bizkaian, ia 300 kilo speed entregatu behar zituztela egotzita
Atxiloketak lurraldeko hainbat udalerritan egin dituzte. Gainera, lau etxebizitza miatu dituzte, Bilbon eta Galdakaon. Espainiako Estatuan atzemandako substantzia horren kopuru handienetako bat da.