HaurSare sortu da, haurren gaitz kroniko konplexuak eta zainketa aringarriak artatzeko Osakidetzaren sare integrala
Helburua da errealitate horri erantzun ordenatuagoa, bidezkoagoa eta eraginkorragoa ematea, gaixotasunaren faseetara eta adingabeen kasuan kasuko konplexutasun mailara egokituko den "etengabeko asistentzia" batekin. Horretarako, pediatrek, pediatriako erizain espezialistek, gizarte langileek eta psikologoek osatutako diziplina anitzeko taldeak egongo dira, eta 24/7 laguntza eskainiko dute.
Eusko Jaurlaritzak HaurSare jarri du abian, gaixotasun kroniko konplexuak dituzten edo pediatriako aringarriak behar dituzten haur eta nerabeak artatuko dituen Osakidetzaren sare integrala. Sare horrek lehendik zeuden zerbitzuak indartuko ditu, pazienteek etxean jaso ahal izan dezaten laguntza, etengabe guardian egongo diren ekipoekin.
Asteazken honetan Bilbon aurkeztu dute HaurSare Alberto Martinez Osasun sailburuak, Lore Bilbao Osakidetzaren zuzendari nagusiak eta Iratxe Salcedo Euskal Osasun Zerbitzuko Pediatriaren arduradunak.
Alberto Martinezek iazko ekainean aurreratu zuen zainketa aringarri pediatrikoen sistema egituratzeko asmoa, eta gaur nabarmendu duenez, laguntza sare horrek gaixotasunaren prozesu osoan zehar adingabeen eta haien familiei jarraipena, babesa eta laguntza ematea ahalbidetuko du, gaixotasunaren faseetara eta paziente bakoitzaren konplexutasun mailara egokitutako "etengabeko asistentzia" batekin. Doluan ere laguntza emango du, pazientea hiltzen den kasuetan.
Osakidetzaren datuen arabera, patologia kroniko konplexua duten haur eta nerabeak paziente pediatrikoen % 6,8 dira, eta 10.000 adingabetik 90ek inguru zainketa aringarriak behar dituzte. Zifra horien atzean, Alberto Martinezek azpimarratu duenez, "etengabeko laguntza, erantzun azkar eta hurbilak eta benetako koordinazioa behar dituzten familiak" daude. Gainera, Medikuntzaren aurrerapenei esker, gaixotasun konplexuak dituzten adingabeak luzeago bizi direla azaldu dute, eta horrek areagotu egiten duela jarraipena egiteko eta euskarri teknikoa eta arreta emozionala eskaintzeko beharra, baita lehen arretaren, ospitaleen, etxekoen, gizarte zerbitzuen eta hezkuntza eremuaren arteko koordinazioa ere.
HaurSarek Euskal Osasun Itunaren konpromisoei erantzuten die eta Zainketa Aringarrien Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da. Martinezek nabarmendu duenez, "ez da hutsetik abiatzen", baizik eta Osakidetzako "profesional askok dagoeneko egiten duten lanetik"; "orain egitura argia, antolatua eta jasangarria izango dute".
Maila asistentzial guztiak konektatuko ditu elkarrekin, erreferentziazko ospitaleak, Lehen Mailako Arreta (jarraipenaren ardatz nagusia) eta etxea, "zaintzaren gune zentrala", "arreta egokiena jaso dezaten, lekurik egokienean eta unerik egokienean, arretako maila guztiak bizkor koordinatuta", azaldu du Salcedok.
Sareak diziplina anitzeko ospitale-taldeak izango ditu erreferentziazko lau Erakunde Sanitario Integratuetan (Gurutzetako, Basurtuko, Donostiako eta Arabako ospitaleak), pediatrek, pediatriako erizain espezialistek, gizarte langileek eta psikologoek osatuta, Lehen Mailako Arretarekin eta sistemaren gainerako asistentzia-mailekin "eskurik eskuko lankidetzan".
Erizain kudeatzailea, funtsezko figura
Proiektu berriak asistentziaren koordinazioa eta jarraitutasuna hobetzeko "funtsezkoa" izango den figura gehitu du: kronikotasun konplexuko eta pediatriako zainketa aringarriko kasuen erizain-kudeatzailea. Profesional hori pediatrian aditua izango da, eta aringarrietan ezagutza handia izango du. Kasu konplexuen kudeaketa gidatuko du, etxez etxeko arreta aurreratua egingo du, eta ospitalearen, Lehen Mailako Arretaren, familiaren, eskolaren eta gizarte-zerbitzuen arteko lokailua izango da.
Guztira, sareak 16 erizain edukitzea aurreikusten du, osasun-eremu integratuetan banatuta, gaixotasun prozesu osoan zehar jarraipena, babesa eta laguntza emateko gaitasuna indartzeko.
HaurSare modu progresiboan ezarriko da, profesionalak barne hartzearekin, baliabide materialen hornikuntzarekin, prestakuntza egituratuarekin eta etengabeko arretaren aktibazio mailakatuarekin, "hilabete batzuen buruan 24/7 estaldura osoa lortu arte", Lore Bilbaok argitu duenez.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera