Eguraldia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Giro nahasia izango da nagusi ia aste guztian

Euriak eta hotzak izango dira nagusi, fronteak eta aire masa hotzak etorriko baitira hurrengo egunetan, ostiralean salbu.
Bi pertsona, aterkipean.
Bi pertsona, aterkipean. EFE

Adio, hego haizea; adio, udaberri giroa. Okerrera nabarmen eginda, makur dator eguraldia asteon. Fronte bat dakar astelehenak. Kantauri isurialdean euria egingo du gaur goizetik aurrera. Tenperaturek, gainera, freskatzera egingo dute egunak aurrera egin ahala, eta iluntzean neurtuko dira baliorik baxuenak. Gehienez 15 gradura helduko dira termometroak astelehenean. Ez da euri askorik pilatuko, baina giro petrala izango da eskuarki.

Astearterako are eguraldi kaskarragoa iragarri dute. Tenperaturak koska bat egingo du behera (gehienez 13-14 gradu egongo dira kostaldean, eta 10-11 barnealdean). Euri txikia izango da zeinahi lekutan, Nafarroa erdialdean eta hegoaldean salbu. Han, ateri eutsiko dio egunak, 11 gradurekin Iruñean, eta 12rekin Tuteran. 

Asteazkenean asteko bigarren frontea etorriko zaigu. Berriro euritara egingo du. Goizean eta eguerdian botako du gehien. Egunaren amaieran, aldiz, atertu egingo du. Termometroak nekez helduko dira 15 gradura kostaldean, eta 13 gradutik beherako balioak neurtuko dira barnealdean.

Ostegunerako, aldaketa gutxi. Zaparradak izango dira nagusi eguerditik aurrera, Kantauri isurialdean bereziki. Izan ere, barnealdean ez dirudi euririk egingo duenik.

Lau egun aterki azpian igaro ostean, ostiralean giro argiagoa izango da, eta tenperatura atseginagoak; kostaldean, adibidez, 17 gradu inguruan ibiliko dira, hego haizeari esker.

Eguzkiak eta udaberri giroak, ordea, gutxi iraungo dute, larunbat eta iganderako negu gorria baitator. Oraindik goiz da iragarpen zehatza egiteko, baina aire masa hotz bat omen dator Euskal Herrira. Hotza ekarriko du horrek, baita elur maila nabarmen jaistea ere. Igandean ere, makur joango da eguna. Asteko egunik hotzena izango da, eta 1.000 metrotik behera zuritu lezake.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pertsona bat erietxera eraman behar izan dute Baionan gertatu den sute baten ondorioz

Sua 14:15ak inguruan piztu da garra Baiona Tipiko Kupelgileak karrikako eraikin batean. Suhiltzaileek eraikina hustu dute bertaratu orduko.  Hirugarren solairuan zegoen gizonezko bat larrialdi zerbitzuen laguntzarekin atera behar izan dute eta Baionako erietxera eraman dute kea arnastuta.  Garrak itzali badituzte ere, auzo guztiko elektrizitatea eta gasa moztu dituzte, prebentzio neurri gisa. Eraikinak kalte ugari izan ditu eta bere egoera hurrengo orduetan aztertu beharko da. Bizilagunek gaua etxetik kanpora igaroko dute. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

ELAk adierazi du CCOOko kide batzuek euskaldunen hizkuntza eskubideen aurkako kanpaina abiatu dutela

ELAk  adierazi du bat datorrela AEKrekin, Korrikaren antolatzailearekin, eta babestu egin du CCOOren zuzendaritza lasterketatik baztertzeko erabakia. ELA sindikatuak “euskararen aurka antolatutako kanpaina” baten parte izatea leporatu die CCOOko kide batzuei, eta, zentzu horretan, erabat "koherentea" iruditzen zaio Korrikan parte ez hartzen ez uzteko erabakia hartu izana.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X