Ibaien emariek gora egiten jarraitzen dute Araban eta Nafarroan, eta agintariek zaintza aktibatu dute
Euriagatik alerta laranja ezarri dute EAEn astelehen eguerdira arte, eta abisu horia, berriz, Nafarroan. Azken orduetako euriteek asko handitu dute zenbait ibairen emaria, eta, horren aurrean, agintariek zaintza areagotu dute. Araban, Zadorra ari dira zorrotz zaintzen, eta Nafarroan, Ega, Arga eta Irati ibaien emaria.
Ebroko Ur Konfederazioak (CHE) ez du baztertzen aparteko ur-goraldia izatea eta kalteak eragitea. Igande arratsalderako eta datorren goizalderako aurreikusten ditu erakundeak emari maximoak ibai horien goialdeetan, eta erdiko zein beheko guneetan, berriz, bihar eguerditik astearteko goizaldera bitartean.
Gainera, gauean Ebroren ardatzera iritsiko da pixkanaka ura, eta bertan emaria asko handitzea aurreikusten da.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoak aurreikusi duenez, Ebroren emaria, Castejon eta Tutera artean, segundoko 1.400-1.800 metro kubikokoa izan daiteke asteartean (gaur 14:00etan segundoko 200 metro kubikokoa zen).
Iruñea inguruan arratsaldean ur emaria asko hazi dela eta, Udalak uholdeetarako larrialdi-planaren 1. maila aktibatu du, eta ibilgailuak urpean gera daitezkeen eremuetatik erretiratzeko eskatu du Corralillos, Runa parkea, Igeriketa eta Magdalena inguruetan.
Arazoak Nafarroako zenbait errepidetan
Ibaien emaria handitzeak arazoak eragin ditu Nafarroako hainbat errepidetan, besteak beste, A-21 Pirinioetako Autobian. 12. kilometroan moztu egin behar izan dute, ur-pilaketaren ondorioz.
Nafarroako Gobernuak emandako errepideei buruzko informazioaren arabera, autobia horretan moztuta dago Elorzera sartzeko azpiko pasabidea, bi noranzkoetan.
Halaber, uholdeak direla eta, itxita daude NA-30 errepidea, Iruñean, Landabengo industrialderako sarbidean; NA-2316 errepidea, Zuluetan; NA-7010 errepidea, Astrain-Irurtzunen, 8. kilometroan, eta NA-2410 errepidea, Barrankan, 12,200 kilometroan.
Elurra dela eta, zirkulaziorako itxita jarraitzen dute eta kateak behar dira Pirinioetako hainbat errepideetan, baita Aralarko San Migelerako sarbidean ere.
Nafarroan, Larrialdi Planaren 0 fasea aktibatu dute
Nafarroako Gobernuak, prebentzioz, Larrialdi Plana aktibatu du Foru Erkidegoan, 0 egoeran, uholdeen arriskuari aurre egiteko. Datu meteorologikoek eta hidrologikoek ondasunei eta pertsonei kalteak eragin diezaieketen uholdeak izan daitezkeela aurreikusten dutenean aktibatzen da fase hori.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Zerbitzuko zuzendariak 18:00etan hartu du neurria, Larrialdiei Aurre Egiteko Aholku Batzorde Teknikoaren bileran. Bertan, Amparo Lopez Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak hartu du parte.
Kontseilaritza Iruñealdeko zein Nafarroa iparraldeko udalekin jarri da harremanetan, planaren aktibazioaren berri emateko eta herritarrei kontuz ibiltzeko eskatzeko.
Burlatako, Ezkabarteko, Uharteko, Iruñeko eta Atarrabiako udal-ordezkariekin hitz egin dute telefonoz Iruñerrian, eta iparraldean, berriz, Bertizarana, Elizondo, Etxalar, Doneztebe, Sunbilla, Ultzama eta Berakoekin, hor baitago uholde arrisku handiena.
Gaueko 22:00ak pasata, Arga ibaia alerta aurreko egoeran zegoen Larraun-Irurtzunen (lehenagoko alerta egoerak hobera egin du), Iruñean, Arakil-Etxarrenen, Arazurin eta Etxaurin.
Nafarroako Gobernuak herritarrei aholkatu die beharrezko prebentzio-neurriak hartzeko, alferrikako joan-etorriak saihesteko eta arriskua dagoen tokietara ez hurbiltzeko. Horrez gain, ibaietara ez hurbiltzeko eta aire zabaleko kirol-jarduerak ez egiteko ere gomendatu dute.
Prebentziozko hustuketa egin dute Añarbeko urtegian
Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, Donostialdea hornitzen duen Añarbeko presak prebentziozko hustuketa egin du jasotako prezipitazio bolumena ikusita, eta bost puntu baino gehiago murriztu du urtegiaren maila, % 78,7raino.
Ohar batean, Añarbeko Urak sozietate publikoak jakinarazi du Añarbeko arroan prezipitazio handiak izan direla ostiraletik.
Zehazki, 111,2 l/m2 erregistratu dira Añarbeko presaren euri-neurgailuan (44 l/m2 ostiralean, 26,3 l/m2 larunbatean eta 40,9 l/m2 igande honetako lehen orduetan) eta 145,6 l/m2 Eskas-Artikutzan (78,3 l/m2 ostiralean, 43,6 l/m2 larunbatean eta 23,7 l/m2 igandean).
Hori dela eta, larunbateko 17:15etik aurrera, 23 m3/s-ko hustuketa prebentiboa egin dute urtegiaren maila % 84,3tik % 78,7ra jaisteko. 18:00etan amaitu da presaren prebentziozko hustuketa, ur emari gehiago Urumeara iristea eragozteko.
Gipuzkoako gainerako ibaiak ere oso hazita doaz, eta Urola ibaia da azken orduotan zorrotzen zaintzen ari direna, gainezka egiteko arriskua dagoelako.
Zure interesekoa izan daiteke
Jendetza bildu du Korrikak Maulen
Lurraldeko eta hiriburuko hainbat elkarte eta herriko etxe ikusi ditugu parte-hartzen, hala nola, Sohütako pastorala, UEU, Palestinaren aldeko elkartea, Pitxu gaztetxea, Xiberoko Botza eta beste hainbat. Handik Nafarroa Beherea alderako bidea hartu du. Gaueko 22:00 pasata sartuko da lurralde hartan Aiherratik.
Pertsona bat erietxera eraman behar izan dute Baionan gertatu den sute baten ondorioz
Sua 14:15ak inguruan piztu da garra Baiona Tipiko Kupelgileak karrikako eraikin batean. Suhiltzaileek eraikina hustu dute bertaratu orduko. Hirugarren solairuan zegoen gizonezko bat larrialdi zerbitzuen laguntzarekin atera behar izan dute eta Baionako erietxera eraman dute kea arnastuta. Garrak itzali badituzte ere, auzo guztiko elektrizitatea eta gasa moztu dituzte, prebentzio neurri gisa. Eraikinak kalte ugari izan ditu eta bere egoera hurrengo orduetan aztertu beharko da. Bizilagunek gaua etxetik kanpora igaroko dute.
Atharratzetik abiatu da 24. Korrika, festa giroan, pizkundearen akuilu izatea xede
Ibilbide osoa zuzenean ikusteko aukera dago ETB ON plataforman, EITBren telebista plataforma digital berrian. Euskararen lekukoa martxan da jada, eta Atharratzetik abiatu den oihuak Euskal Herri osoa zeharkatuko du beste behin. Bilbon amaituko da, martxoaren 29an, igandez.
Euskal jatorriko 114.400 pertsona atzerrian bizi dira, duela urtebete baino % 5,5 gehiago
Gehienak Amerikan bizi dira, Argentinan zehazki, INEk urtero argitaratzen duen Atzerrian bizi diren espainiarren erroldaren (AEE) arabera.
32 urteko emakumezko bat zauritu da Iruñean, ibilgailu batek harrapatuta
Ezbeharra 07:32an gertatu da, Arrosadia auzoan. Emakumeak kolpe ugari jasan ditu, hortaz, Iruñeko Unibertsitate Ospitalera eraman dute, pronostiko erreserbatuarekin.
Trafikoa bere onera itzuli da A-8an Irun parean, baina auto-ilara txikiak oraindik daude Kantabriarako noranzkoan, Abanton
Zubiaren hasieran trafiko-eragozpenak izan dira A-8 autobidean.
Furgoneta-gidari bat zauritu da A-1 errepidean, Asparrenan, errepidetik atera eta bazter-babesaren aurka talka eginda
Istripua ostegun honetako 08:45ean jazo da. Zauritutako gidaria ospitalera eraman dute.
Albiste izango da: Korrikaren hasiera, Ekialde Hurbileko azken ordua eta Europako Kontseiluaren bilera
Gaurkoan Orainen albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Atharratzetik Bilbora, Korrikak euskararen paisaia guztiak zeharkatuko ditu
Euskararen aldeko ekimenak hizkuntzaren errealitate guztiak zeharkatuko ditu 11 egunez eta 10 gauez. 2.175 kilometro inguru egingo ditu Korrikak eta 460 herritatik igaroko da. ETB On plataformak etenik gabe jarraituko du ibilbidea, eguneko 24 orduetan.
ELAk adierazi du CCOOko kide batzuek euskaldunen hizkuntza eskubideen aurkako kanpaina abiatu dutela
ELAk adierazi du bat datorrela AEKrekin, Korrikaren antolatzailearekin, eta babestu egin du CCOOren zuzendaritza lasterketatik baztertzeko erabakia. ELA sindikatuak “euskararen aurka antolatutako kanpaina” baten parte izatea leporatu die CCOOko kide batzuei, eta, zentzu horretan, erabat "koherentea" iruditzen zaio Korrikan parte ez hartzen ez uzteko erabakia hartu izana.