Arbitro batek jokabide "desegoki eta inbaditzailea" duela salatu dute areto-futboleko emakumezkoen 10 taldek
Areto futboleko emakumezkoen hamar taldetako jokalariek ohar bat bidali diote Bizkaiko Futbol Federazioari epaile batek jokabide "desegoki eta inbaditzaileak" dituela salatu eta haien partidak epaitzera ez dezala bidali eskatzeko.
"Areto-futboleko lurralde mailako emakumezkoen ligako jokalarien ongizate eta errespetuari zuzenean eragiten dion egoera onartezinaren gaineko kezka" adierazi dute agirian.
Sinatzaileen esanetan, J.V epaileak "emakumezkoen taldeekiko duen jarrerak hainbat jokalariri ezinegona eragin die". "Hainbat klubetako jokalariekin sare sozialen bidez harremanetan jarri" dela baieztatu dute eta haien "datuak federazio-fitxetatik" hartu izanaren susmoa dutela adierazi dute. Jokaera hori "desegokia eta inbaditzailea" izateaz gain, "datuen babesa" urratzen duela salatu dute.
"Bereziki kezkatzen gaitu bere posizioaz baliatu eta Federazioaren fitxetatik informazio pertsonala lortu izanak, hala nola gure izen-abizenak, eta sare sozialen bidez harremanetan jartzeko erabili izanak", azpimarratu dute oharrean.
Horrez gainera, salatu dute ez dela "kasu isolatu bat" eta "ligako hainbat klubetako hainbat jokalarik antzeko jokabideak bizi izan dituztela" jakinarazi dute.
Arrazoi horiengatik, Federazioari eskatu diote J. V. epailea ez bidaltzeko "areto futboleko lurralde ligako emakumezkoen taldeen partidetako epaile lanak egitera, jokalarien ongizate emozionalagatik, guztiokiko errespetuagatik eta profesionaltasun falta erakutsi duelako". Era berean, "prebentzio-neurriak hartzea eta antzeko jokabideen aurrean babesteko protokolo argiak ezartzea" galdegin dute.
Bizkaiko Federazioko lehendakariorde Jose Angel Labradorrek azaldu duenez, epailea "baztertu" dute eta ez du partidarik arbitratuko. Alabaina, azaldu du ez dutela bestelako neurririk hartu "bere aurkako salaketarik ez dagoelako".
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda