Debako liburutegiaren haurrentzako ordutegi murriztua aldatzeko Eusko Jaurlaritzak esku har dezan eskatu dute
Debako herritar talde bat aspaldidanik ari da mobilizatzen haurrek udal liburutegian sartzeko duten ordutegi murriztua salatzeko. Liburutegia Denontzat taldeak aurrerapauso bat eman du orain eta Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzura —udal liburutegien koordinazioaz eta kudeaketaz arduratzen da— gutun bidalketa masiboa egin du, auzian esku hartzea eskatzeko.
Debako Udal Liburutegian sartzeko hainbat ordutegi daude, adinaren arabera. Bi urtetik beherakoak ezin dira Debako Udal Liburutegian egon. 2 eta 6 urte bitartekoak 16:30etik 17:30era soilik joan daitezke, 7 eta 9 bitartekoak 16:30etik 19:00etara, eta 10-15 urtekoak 16:30etik 19:45era.
Liburutegia Denontzat taldea Debako liburutegia "hobetzeko" asmoz sortu zen. Besteak beste, eskatzen dute udal liburutegia erabiltzeko araudia alda dezaten, herriko umeek eta nerabeek liburutegia gainerako adin taldeek bezala erabiltzeko aukera izan dezaten.
Debako Udalaren erantzuna
Debako Udalak ohar bidez azaldu duenez, "ez du nahi eta ez da polemika gehiagotan sartuko", baina argi utzi nahi du, beste behin, egoera hau ez dela "Udalaren edo udal gobernuaren kapritxo bat".
"Liburutegiak 20 urte baino gehiago daramatza zabalik eta araudia urte horietako esperientzia eta gertakarien isla da eta helburu bakarra du nagusi: espazioa modu errealistan eta erabiltzaile guztientzat ahalik eta modurik onenean kudeatzea", gaineratu du.
Udal liburutegia erabiltzeko araudia aldatuz gero "desoreka berriak" sor daitezkeela ohartarazi du Udalak, eta horrek "dagoeneko mugatua dagoen espazio honetako bizikidetza" zailduko litzateke.
Zure interesekoa izan daiteke
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak