Euskadin 49 eutanasia egin dira 2024an, eta eskatzaileek 74 urte zituzten, batez beste
Euskadik Eutanasiari buruzko Informazio Sistema bat jarriko du martxan 2025ean, datuak hobeto kudeatzeko eta eskubide hori erkidegoan aplikatzeari buruzko ikuspegia zehatzagoa izan dadin. Hala iragarri dute I. Euskadiko eutanasiari buruzko hausnarketa-jardunaldian, Bilbon.
2024an, 74 eutanasia-eskaera jaso dira Euskadin, eta horietatik 49 baimendu eta egin egin dira. 3/2021 Lege Organikoa indarrean sartu zenetik, 133 pertsonak jaso dute hiltzeko laguntza medikoa, eta eskaerak % 46 igo dira. Hala ere, 100 pertsona hil ziren prozesua amaitu aurretik.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren 2024ko txostenaren arabera, eskatzaileen batez besteko adina 74 urtekoa izan da: 100 urte, zaharrenak, eta 33 urte, gazteenak. Horietatik % 37k gaixotasun neurologikoak zituzten eta % 36 paziente onkologikoak ziren.
Lurraldeka, Gipuzkoan 31 eskaera erregistratu eta 24 prozedura egin dira, Bizkaian 32 eskabide izapidetu eta 19 eutanasia egin dira, Araban 11 eskaera izan dira eta sei prozedura gauzatu dira. Eutanasien % 53 ospitaleetan egin ziren; % 32, eskatzailearen etxeetan, eta % 14, egoitza soziosanitarioetan.
Maite Martinez de Albeniz Osakidetzako Asistentzia Sanitarioaren zuzendariak nabarmendu du hiltzeko laguntza eskatzea zabaltzen ari dela Euskadin, eta helburua laguntza hori eskatu eta aplikatzeko moduak hobetzen jarraitzea dela. Gainera, azpimarratu du eskaera egiten denetik eutanasia egin arteko batez besteko denbora 49 egunekoa dela; bost kasutan, gainera, gaixoek organoak eman dituzte.
Euskadiko Eutanasia Bermatu eta Ebaluatzeko Batzordearen presidente Itxaso Bengoetxeak adierazi duenez, Euskadi, Kataluniarekin eta Nafarroarekin batera, eskubide hori aplikatzen buru da Estatuan.
Eutanasiaren prestazioari buruzko informazio guztia Osasun Sailaren webgunean aurki daiteke.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda