Artxandako tuneletako Ugasko-Salbe zatia, irekita lau hilabeteko lanen ostean
Artxandako tuneletako Ugasko eta Salbe arteko zatia irekita dago berriz zirkulaziora, Interbiak Foru Sozietateak egindako berritze-lanak amaitu ostean. Lau hilabeteko esku-hartzeak azpiegitura konpontzea izan du helburu, eta funtsezko hobekuntzak egin dira iragazgaiztean, segurtasunean eta argiztapenean.
Hain zuzen, ur-iragazketak ekiditeko, egitura sendotu eta ubide batera bideratu dira urak. Argiztapena ere berritu da LED sistemak ezarriz, eta segurtasun-sistemetan eguneratzeak egin dituzte.
Gertaerak automatikoki detektatzeko sistema soluzio dual bat ezarrita eguneratu da. Soluzio horrek optika termikoa du suteak azkarrago detektatzeko, eta larrialdietan ebakuazioa ere errazten du. Megafonia-sistemak, ebakuazio-seinaleak eta ingurumen-sentsorikoak ere berritu dira, substantzia kaltegarriak detektatzeko.
Era berean, berrikuntza-proiektu pilotu bat jarri da martxan, tunelen jasotze digitala egiteko eta "BIM as built" eredua sortzeko, Foru Sozietateak kudeatzen dituen azpiegituren eredu digitalean integratzeko.
2002an martxan jarritako Artxandako tunelak funtsezkoak dira Bilbo hirigunea, Txorierri, aireportua eta Bizkaiko Teknologia Parkea elkarrekin lotzeko. Egunean 30.000 ibilgailuk erabiltzen dituzte hiru tunelak.
Lehen fase honetan 4,4 milioi euroko inbertsioa egin da. Aurrera begira, aurten bertan aurreikusten da bigarren tunelaren —Ugasko eta Txorierri artekoa— lanak lizitatzea, eta azkenik, Salbe-Txorierri tarteko lanekin amaitzea. Guztira, 20 milioi eurotik gorako inbertsioa bideratuko da berritze-lanak egitera.
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda