Hego Euskal Herriko 1.192 emakumek eta 116 adingabek dituzte babes neurriak indarkeria matxistagatik
Iaz Hego Euskal Herriko 1.192 emakumek eta 116 adingabek neurriren bat zuten gizon matxistez babesteko, dela urruntze agindua edo bizkartzaina, INE Espainiako Estatistita Institutuak emandako datuen arabera. Hala, guztira, 1.308 biktimak zuten babes neurriren bat, aurreko urtean baino % 3 gehiago.
INEk "Genero indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren Estatistika" izeneko txostena kaleratu du gaur, 2024ko informazioa bilduta. Justizia Ministerioak arlo horretan duen erregistro zentralaren datuak ditu oinarri.
Horren arabera, eta oro har, babestutako emakumeen eta adingabeen kopurua hazi egin zen iaz. Aipatzekoa da, halaber, Foru Erkidegoan babestu beharreko adingabe kopuruaren gorakada, ia bikoiztu baitzen datua: 2023an, 13 ume ziren; 2024an, 24. EAEn, aldiz, % 18 egin zuen behera babestutako umeen kopuruak.
Aurkeztutako salaketen ondorioz, 1.574 zigor ezarri zitzaizkien beste horrenbeste gizoni, eta horien artean 6 hilketa edo hilketa-saiakera delituagatik izan ziren (denak EAEn).
Erasotzaileei dagokienez, EAEko eta Nafarroako epaitegiek 2.391 tratu txar emaile zigortu zituzten (zigor irmoak), 2023ko datuetatik apur bat gora.
Espainiako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) du Estatuko biktima tasa txikiena (0,7, 14 urtetik gorako 1.000 emakumeko). Nafarroak 1,4ko tasa du. Estatuko batez bestekoa 1,6koa da.
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda